DONOSTIA. Adineko pertsona asko eta askoren artean sentitzen duten nahi gabeko bakardadea gaur egungo gizarteko gaitzetariko bat da. Horregatik, egoera horri aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Bakardadea-K' izeneko kanpaina aurkeztu egin du gaur goizean, hilak 7.

Aurkezpenean parte hartu dute Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak, Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak eta Sara Marsillas Matia Fundazioko ikertzaileak. 'Bakardadea-K. Gipuzkoan pertsonak konektatzen' estrategiaren bidez, ibilbide orri bat markatuko da bakardadearen erronkari aurre egiteko, gizarte eta komunitate loturak indartuz, "hori guztia lurraldeko partaidetza prozesu batean eta eraikuntza kolektibo batean oinarrituta", adierazi du Maite Peñak.

Diputatuak adineko pertsonen nahi gabeko bakardadeari aurre egitearen garrantzia azpimarratu du, "are gehiago covid-19ak ezarri digun testuinguruan; izan ere, covid-19ak adinekoen osasuna eta ongizatea zaintzeko erronka areagotu du, birusaren ondorioekiko oso kalteberak baitira". Maite Peñak gaineratu duenez, "lehen mailako erronka da, baina aukera testuinguru bat ere bada". Erronka hori lankidetzan lantzea da gakoa: "Gizarte erronka kolektiboa da, nahiz eta gai pertsonala izan, eragin handia du gizartean, eta estrategia global eta partekatua behar du. Horregatik, 'Bakardadea-K' estrategia parte hartzean oinarritzen da, ikuspegi oso zabal eta integratzailearekin".

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bultzatutako ekimena da, eremu soziosanitarioko adituen, ikertzaileen, udalen eta hirugarren sektore sozialeko entitateen parte hartzearekin eta lankidetzarekin. Taldea urte hasieratik ari da estrategia diseinatzen, eta bertan, Adinberriko eta Gizarte Politika eta Gobernantzako foru departamentuetako profesionalez gain, honako hauek ere parte hartzen dute: Javier Yanguas eta Mayte Sancho (gerontologian adituak), María Luz Peña (Osakidetza), Eva Salaverria (Donostiako Udala), Sara Marsillas (Matia Fundazioko ikertzailea) eta Maribel Pizarro (Itxaropen Telefonoa). Aldi berean, talde sektorialak sortzen ari dira, osasunaren, hirugarren sektorearen eta belaunaldi arteko sareen sare bat zabaltzeko eta garatzeko.

"Zaintzan sakonduko dugu, eragile bakoitzak izan behar duen rolean, belaunaldien arteko harremanak sustatzen, berrikuntza soziosanitarioa eta teknologikoa aprobetxatuz", adierazi du diputatuak. Hori guztia pertsonen ahalduntzea, adinekoei entzutea eta ikuspegi komunitarioa oinarritzat hartuta. Maite Peñak adierazi duenez, "errealitate oso konplexu bati egin behar diogu aurre, lehen urratsak eman ditugu, eta hemendik aurrera, ikuspegi integratzaile horretan oinarrituta jarraituko dugu lanean, lurraldean jada hasitako azterlan eta ekimenak oinarri hartuta, eta bakardadearen erronkari erantzungo dioten proiektu berritzaileak sustatuz".

Orain arte, diagnostikoaren fasea osatzeko, Gipuzkoako Bakardadearen Mapa amaitzen ari dira. Rakel San Sebastianek azaldu duen moduan, "udalek eta beste toki erakunde batzuek bultzatutako adinekoen bakardadearen inguruko ekimenen mapaketa egin da, eta sor daitezkeen ekimen berri guztiekin osatzen jarraituko dugu. Informazio oso baliotsua da, eta, zalantzarik gabe, egiten ari garenaren ikuspegi bat ematen digu, estrategia eraikitzeko funtsezko atala dena".

Adinberriko zuzendariaren hitzetan, eta hurrengo hilabeteetan jarraitu beharreko ibilbide orriari dagokionez, urrian oinarrien dokumentua idazten bukatuko da eta parte hartze prozesuaren diseinua amaituko da, zeina hurrengo bi hilabeteetan gauzatuko baita workshopen bidez Gipuzkoako hainbat udalerri eta eskualdetan. Urte amaierarako, estrategia osatuko da jasotako ekarpen guztiekin, eta jarduketa plana prest egongo da 2021ean gauzatzen hasi ahal izateko.