Síguenos en redes sociales:

Euskara ikasten animatzeko

Donostiak #Euskaldunízate kanpaina aurkeztu du

DONOSTIA. Beste urte batez, Donostiako Udalak euskara ikasten animatzeko kanpaina berria aurkeztu egin du. #Euskaldunízate lelopean, zabalik dago dagoeneko aurtengo ikasturtean izena emateko epea.

Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak egindako aurkezpenean adierazi duenez, "#euskaldunízate leloak laburbiltzen du herritarrei helarazi nahi diegun mezua, euskaraz zein gaztelaniaz: euskaraz euskaldun izatera gonbidatzen du; eta gaztelaniaz euskara ikastera, euskalduntzera".

Gaur egun bizi dugun larrialdi-egoera dela eta, komunikazio digitalaren beharra areagotu egin baita, bultzada berezia emango zaio mundu digitaleko kanpainari. Hain zuzen ere, sare sozialetan: #euskaldunízate traolarekin bultzatu nahi da kanpaina sarean.

ESKAINTZA ZABALA ETA EGOERA BERRIRA EGOKITUA

Aurten, Covid-19k sortutako egoeraren aurrean, klase presentzialetan segurtasun-neurri guztiak hartuko dira. Hala, bai euskaltegietan, bai ikastetxe homologatuetan, ikasgelako ikasle-kopurua txikiagoa izango da. Era berean, ikastaroen eskaintza handitu egingo da:

  • Aurrez aurreko ikastaroak izango dira.
  • Aurrez aurreko ikastaro telematikoak izango dira (ikastaroek ordutegi finkoa izango dute eta irakasleak telematikoki emango ditu eskolak).
  • Online ikastaroak izango dira, eta ikasle bakoitzak bere lana egiteko antolatzen du bere burua, bakarka eta ondoen datorkion ordutegian.
  • Horri tutoretzak eta hizkuntza praktikatzeko saioak gehitzen zaizkio.

Bestalde, gremio edo talde desberdinei zuzendutako berariazko ikastaroak ere izango dira, helburu espezifikoekin, hala nola: merkatariak, ostalariak, gurasoak eta migratzaileak.

Entzi Zubiri Bai & Byren sortzaileetako batek, hiriko euskaltegi eta zentro homologatuak ordezkatuz, adierazi duenez, "Euskaltegien zeregin nagusia herritarrei euskara ikasteko behar dituzten baliabideak eskaintzea da. Gaur egun, teknologia berriek euskara ikasteko ematen dizkiguten baliabideak aprobetxatu beharko genituzke. Ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako ikastaroak eskaintzeko gai gara ".

DIRULAGUNTZEN ESKABIDEA

Euskaltegi batean matrikulatu nahi dutenek irailaren hasieratik dute horretarako aukera. Gainera, ikastaro horietarako diru-laguntza eskatu ahal izango dute Udaleko Euskara Zerbitzuan, urriaren 1etik azaroaren 23ra bitartean. Euskara ikasten urrian hasten diren pertsonek diru-laguntza jasotzeko eskabidea egin ahal izango dute:

  • Online, Donostiako Udalaren eta Donostia Euskaraz orrialdeetan.
  • Euskara Zerbitzuaren bulegoetara joanda (Konstituzio plaza 2) edo Udalinforen bulegoetara joanda (Easo, Arroka, Morlans eta Altza).

ERANTZUN ONA 2019-2020 ALDIAN

4.483 pertsona aritu dira euskara ikasten hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan 2019-2020 ikasturteko neguko ikastaroetan. Oraindik zehaztu gabe daude udako ikastaroetako ikasleak. Ikasle horietatik 1.542 dira diru-laguntzaren bat eskatu dutenak, eta eskaeren % 86,06k betetzen zituzten eskatutako baldintzak. Hala, 1.327 pertsonak jaso dute dagokien diru-laguntza.