- Euskararen irakaspenarekin duen konpromisoa berretsiz, urrian hasiko den kurtsorako matrikulazio epea ireki du AEK-k. Atzo adierazi zutenez, ohiko ikastaroak eskainiko dituzte, pandemiaren ondorioz unean uneko osasun neurrietara egokituta eta prebentzio neurri guztiak hartuta. Hortaz, baliabide digitalak prest daude edozein unetan testuingurua aldatuz gero klaseekin jarraitu ahal izateko. Azken ikasturtean 13.500 ikasle izan baldin badituzte, honakoan ere zifra horretara heltzeko itxaropena dute. AEKn, irakasle batek bik beste balio du lelopean, irakasleen rola azpimarratu nahi izan dute kanpaina honetan.

“Irakasleengandik hasita AEKn ahalegin berezia egingo dugu ikasturte berri eta berezi honetarako”, adierazi zuen atzo Alizia Iribarrenek, AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Bilboko Santutxuko AEK euskaltegian egin zuten aurkezpenean. Aurrez aurreko eskolez gain, autoikaskuntza ere eskainiko da; baita metodologia biak uztartzen dituen eredu konbinatua. On line ikastaroak ere abian egongo dira eta baita Foruko barnetegia, udan itxita egon ostean. “Bertako egoitza prestatu dugu segurtasun neurri guztiak hartuta ahalik eta erosoen egon ahal izateko”, azaldu zuen Iribarrenek.

Ziurgabetasuna dela eta, zenbat ikasle matrikulatuko diren aurreikusteko aukerarik ez dutela aitortu zuen arduradunak. “Baina jendea ikasgeletara itzultzeko gogoz dago”, iritzi zuen. “Ibilbide luze eta arrakastatsua duten aurrez aurreko ikastaroekin jarraituko dugu, baina eskolak emateko eta antolatzeko modua bizi dugun egoera berrira egokituko dugu”, azaldu zuen Iribarrenek. Batetik, maskara derrigorrez jantzi beharko da, eta, bestetik, 1,5 metroko distantziak bermatuko dira ikasgeletan. Horrek esan nahi du euskaltegi bakoitzak -ehun baino gehiagok osatzen dute AEK-ren sarea- euren berezitasunetara egokitzen diren ratioak izango dituztela.

“Ikasturtearen hasieratik, taldean eta taldekideen artean inguru digitala erabiltzeko aukera eskainiko dugu”, aurretatu zuen koordinatzaile nagusiak. “Hilabete hauetan guztietan plan berezi bat prestatu dugu etor daitekeen guztiari irtenbiderik onena topatzeko. Ikasturteko edozein unetan beste testuinguru bat suertatzen bada berriro, ikastaldearen ezaugarriei egokitutako beste aukerak prest izango ditugu ikastaroarekin jarraitzeko”, argitu zuen. Izan ere, larrialdi baten aurrean -konfinamendua berriz ezarriko balitz, esaterako-, teleikaskuntza baliatuko da ikasprozesua eten ez dadin.

Alizia Iribarrenen esanetan, “ikerketek diotenez, euskarak 300.000 hiztun berri irabazi ditu azken hamarkadetan eta heren bat euskaltegietatik etorri da”. Horrek poztasuna eta harrotasuna pizten du irakasleengan, atzo agertu zutenez. “Zoragarria da euskaraz mintzatzea ikasleekin eskolatik kanpo aurkitzen ditudanean”, aitortu zuen Bixente Claveriek, Donapaleuko eskolan dagoen irakasleak. Bihotza Urbietak, esaterako, 40 urteko ibilbidea du irakasle bezala. Gaur egun bere seme-alabekin euskaraz hitz egiten duten gurasoak euskaldundu dituela kontatu zuen. “Asko ematen dugu baina asko jasotzen dugu. Behin ikasle bat amorratuta heldu zitzaidan euskararekin eta ikasturtea bukatutakoan beldurra eta gorrotoa kendu zuen”, azaldu zuen bere aldetik Janire Urrestarazuk, beste irakasle batek.

Hainbat aukera. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren bekak daude azterketa gainditzen bada (A1, A2, B1 edo B2 maila euskaltegian aitortuz gero eta C1 eta C2 mailetan HABEren azterketa gaindituz gero). Bizkaiko Foru Aldundiak eta udal askok ere laguntza-bonuak ematen dituzte.

Matrikulatutako ikasleak. AIZU aldizkaria hilero jasoko dute, udako barnetegietan %25eko deskontua izango dute, beherapenak euskarazko liburuetan, enpresek hobariak jaso ditzakete...

“Ibilbide arrakastatsua duten aurrez aurreko ikastaroekin jarraituko dugu ikasturte honetan”

AEK-ko koordinatzaile nagusia