GASTEIZ. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera berezia sufritu arren, Alavabusek % 70eko eskaria izan du abuztuan. Gasteiz Arabako eskualde eta probintzia mugakideekin lotzen duen zerbitzuak iazko epe berean erregistratutako datuak mantendu egin ditu. Aurreikuspenen arabera, hilean 72.000 bidaiari baino gehiago izango dira, BilboLogroño eta Bilbo-Iruñea ibilbide luzeko lineak barnean sartuta.

Alavabusen lineetako bidaiarien kopuruak nabarmen egin du gora, ekainaren 22an zerbitzuen % 100 berreskuratu zenetik, konfinamendua amaitu zenean. Igoera hori egon da nahiz eta mugikortasuna nabarmen murriztu ohi den uztailean eta abuztuan, eskola oporren eta lan oporren hilabeteak direlako.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak % 100era igo zuen ekainaren 22an Araba Erdialdeko, Aiarako eta Arabako Errioxako emakidetan bildutako foru lineen zerbitzu maila, bai eta Gasteiz Durangorekin eta Miranda de Ebrorekin lotzen dituztenena ere, arabarren mugikortasuna bermatzeko, eskaria berreskuratzen laguntzeko eta foru garraio publikoa Arabako mugikortasunaren ardatz gisa finkatzeko.

Javier Hurtado Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak positiboki baloratu du erabaki horri arabarrek emandako erantzuna, eta foru garraio publikoan konfiantza izateko mezua zabaldu du. "Herritarren erantzuna oso positiboa izaten ari da, eta hori dela-eta mugikortasun iraunkorraren aldeko gure apustua berresten dugu legegintzaldi honetako lehentasun gisa. Garraio publikoak lurraldeko mugikortasunaren ardatza izaten jarraitu behar du.

Bilbo-Logroño eta Bilbo-Iruñea ibilbide luzeko lineak, biak ere jatorria eta helmuga Arabatik kanpo dutenak, oraindik ere zerbitzuaren % 100aren azpitik dauden foru eskumeneko linea bakarrak dira, eskari txikiagoa baitute. Hala ere, erabiltzaileen kopurua pixkanaka hazten ari da konfinamenduaren amaieratik, eta linea horiek bata % 85eko eskaintzarekin eta bestea % 65ekoarekin jarduten ari dira jada.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak eta linea horien enpresa emakidadunek eskariaren bilakaera aztertzen jarraituko dute, zerbitzua unean uneko premietara egokitzeko.

BIDAIARI GEHIAGO ESKUALDE GARRAIOAN

Alavabuseko lineen eskariaren bilakaera positiboa bada ere, koronabirusa baino lehenagoko kopuruen azpitik dago oraindik. Eskualdeko garraioaren kasuan eskariak 2019ko kopuruak gainditu ditu jada: aurreikuspenen arabera, landagune txikiak eskualde buruekin lotzen dituen zerbitzu horrek 4.800 bidaiari inguru izango ditu uztailean eta abuztuan, 2019ko uztailean eta abuztuan baino % 9 gehiago.

"Eskualde garraioa osasun krisialdiaren hasieratik ari da % 100eko eskaintza ematen, kontuan izanda funtsezko egitekoa betetzen duela eta zein den erabiltzaileen profila: adinekoak, gidabaimenik ez duten pertsonak... Arabarrak zerbitzu horri balioa ematen diote, eta erantzun oso positiboa ematen ari dira, gure aurreikuspenak ere gainditu ditu eta", aitortu du Javier Hurtado diputatuak.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak gogorarazi du indarrean jarraitzen dutela zenbait segurtasun neurri, foru lineen enpresa emakidadunen erabiltzaileen eta langileen osasuna babesteko, hala nola maskara nahitaez erabiltzea, ahal bada BAT txartela erabiltzea tiketa ordaintzeko, eserlekuen lehen ilara ez erabiltzea, ibilgailuaren atzeko atetik sartzea (Alavabus) eta garbiketa, desinfekzioa eta aireztapena areagotzea.

Ordutegiei, ibilbideei eta segurtasun neurriei buruzko informazio guztia, eta foru lineetako tiketen erosketa eta erreserba aurreratuak Alavabusen web atarian daude eskuragarri.

TRAFIKOA JAITSI DA AP-1EAN

Bestalde, eta Arabako mugikortasunari buruzko datuekin jarraituz, AP-1 autobidearen Arabako zatian ibilgailuen trafikoak beherakada nabarmena izan du udako hilabeteetan, pertsonen eta salgaien zirkulazioa murriztu egin delako koronabirusaren krisiaren ondorioz. Hartara, AP-1eko trafikoa % 24 jaitsi da uztailean, eta % 28, abuztuko lehen hamabostaldian.

Urte hasieran, 2020ko urtarrilean eta otsailean, % 3 baino gehiago egin zuen gora zirkulazioak, baina joera hori hautsi egin zen osasun larrialdiak eztanda egin zuenean. Hala, martxotik aurrera, ibilgailuen trafikoa nabarmen jaitsi da Gasteiz eta Eibar lotzen dituen autobidearen Arabako zatian: -% 40 martxoan, -% 80 apirilean, -% 66 maiatzean eta -% 36 ekainean.

Jaitsiera hori arindu egin da uztailean eta abuztuan, konfinamendua amaitu ondoren; hau da, % 24ko jaitsiera egon da uztailean eta % 28koa abuztuan, eta % 35eko jaitsiera metatua urtarrilaren 1etik abuztuaren 15era.