Aurtengo udan disfrutatuko ez duten haurrak

01.08.2020 | 00:19
Saharako errefuxiatu kanpamentuetan dauden haur batzuk.

COVID-19 gaitzak eragindako ezohiko egoera dela eta, udan Txernobyletik eta Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik etortzen diren ehunka neska-mutilek ezingo dute aurten Euskadira etorri

uDAN murgildu gara eta dagoeneko hondartzak eta kale bazterrak jendez blai ikusten dira, eguraldia lagun. Udako protagonista nagusienetarikoak haurrak izaten dira, gaztetxoenentzat propio zuzendutako makina bat ekintza antolatzen baitira urtero: besteak beste, tankera guztietako udalekuak. Aurten, covid-19 gaitzak eraginda udaleku ugari bertan behera utzi behar izan dituzte, beste batzuk bai zabaldu dituzte, eta etxeko txikitxoak horiez gozatzen hasi dira dagoeneko.

Aurtengo uda nahi bezala aprobetxatuko ez duenik ere bada, tamalez. Urtero ehunka haur etortzen dira Euskadira Txernobyletik eta Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik; negu luzearen ostean, beraien bizilekuetako egoera kaskarra bi hilabetez alde batera uzteko beta izaten dute. Oraingoan, ordea, koronabirusak eragindako egoera dela eta, Ukrainako eta Saharako Gobernuek hango neska-mutilak ez etortzea erabaki dute.

txernobyleko haurrak
 

Ukrainako Gobernuak ekainaren 18an jakinarazi zuen aurten ez zuela baimenik emango bertako haurrak guregana etortzeko. Horrela, beraiekin elkarlanean jarduten duen Euskadiko Txernobyl elkarteak bertan behera utzi behar izan zuen ordura arte egindako lan guztia. "Joan den urtean 180 haur inguru etorri ziren eta aurten dagoeneko bagenituen 140 baieztatuta. Izan ere, batzuk jada adinez nagusi dira eta ezin dute etorri. Bestalde, aurten koronabirusa dela eta ezin izan dugu kanpaina handirik egin eta ez dugu harrera familia berririk lortu", azaldu dio egunkari honi Txernobyl Elkarteko Lide Álvarezek.

Uda pasatzera etortzen diren neska-mutilentzat sekulakoa da hona bidaiatzea, beraien bizi kalitatea eta osasuna hobetzeko aukera paregabea baita. "Hemen elikadura osasuntsuagoa izaten dute, eta aurten aukera hori galdu egingo dute. Gainera, hiru hilabetez eskolarik gabe egon dira, eta askok eguneko otordu oso bakarra bertan egiten dute", azpimarratu du Álvarezek. Berak ere urtero ekartzen du etxera Txernobyleko haurren bat, eta aurten "oso penatuta" dagoela dio, "udako seme edo alaba ez baitzaie etorriko", ez beraiei ezta gainerako harrera familiei ere.

Txernobyletik sei eta hamar urte bitarteko haurrak etortzen dira eta antolatzen hasteko, urtero abuztu aldera, elkarteko talde bat joaten da Txernobylera etorri nahi duten neska-mutil guztiak bisitatzera. "Euskadira etortzeko ezinbesteko baldintza da haurren familiek handik beraien kabuz ateratzeko baliabiderik ez izatea, eta hori begiratzen dugu joaten garenean", adierazi du Álvarezek.

Baliabiderik gabeko Txernobyleko haurrek ez dute beraz, aurten, handik irteteko inolako aukerarik izango, eta etxean geratuko dira. "Ondo daude, ume guztiek dute familia eta ondo egongo dira. Elikadura bai, orain artekoa mantendu beharko dute, bertako baliabide eskasak ahalik eta hobekien probestuz", dio. Izan ere, Txernobyl Elkarteak herrixka txikiekin egiten baitu lan, eta leku horietan apenas dagoen ezer: agian kultur etxeren bat edo parkeren bat, baina besterik ez.

Txernobyleko haurrek ere erabakia "tristura handiz" hartu omen dute: "Badakite zer galduko duten; hemen oso ondo pasatzen dute eta urte osoa hona noiz etorriko irrikaz egoten dira", aipatu du Álvarezek. Inolaz ere, arropa-etxe batzuk haurren artean banatzeko jantziak ematen dizkiete urtero harrera familiei, eta Txernobyl Elkartetik arropa horiek harrera familien artean banatzen ari dira, bakoi-tzak bere kabuz Ukrainara bidali eta nolabaiteko ekarpena egin dezan.

Datorren urtean zer gertatuko den ez jakin arren Txernobyl Elkarteak lanean jarraitzen du eta harrera familia berriak lortzeko kanpaina aurki jarriko du martxan. "Familia berriak behar ditugu eta bila jarraituko dugu. Gainera, Gabonetako egitasmoa prestatzen hasiko gara, eta haurrek ezingo balute Gabonetan etorri, datorren udan izan beharko du", adierazi du Álvarezek.

saharako haurrak
 

Saharako Gobernuak martxoan erabaki zuen bertako haurrek ezingo zutela aurten Euskadira etorri. Hori horrela izanik, haur sahararrak etortzeko lan egiten duen Oporrak Bakean programa aspaldi geratu zen bertan behera. "Uda pasatzera etortzen den haur talde bat ikusten da lehen bistadizoan, baina uda igarotze horrek eta egitasmoak berak azpi-helburu oso potoloak ditu", azpimarratu du Eli Izagirrek, Oporrak Bakean programako arduradunak.

Esate baterako, lehenik eta behin, Saharako desertuan egiten duen beroaz babesten dira haurrak hona etortzen direnean. "Guk egunero hitz egiten dugu hango familiekin, eta zinez uda gogorra izaten ari da", nabarmendu du Izagirrek. Bestalde, Txernobyleko kasuan gertatu bezala, haurrek elikadura osasuntsua izaten dute hona etortzen direnean, eta horri esker negua "premiazko bitaminekin hornituta" pasatzeko aukera izaten dute. Gainera, haurrei azterketa medikoak egiten dizkiete hemen, euren osasuna ere hobetzeko aukera izanik.

Euskadira hamar eta hamabi urte arteko 300 haur etortzen dira udan eta Nafarroara 100. Aurten etortzeko aukerarik ez dutenez, uda ahal duten moduan pasatzen ari omen dira. "Eguraldiak eta tenperaturak uzten dietenean, haurrak elkartu eta aisialdiko ekintza desberdinak antolatzen ari dira, uda ahalik eta azkarren eta erosoen pasa ahal izateko", azaldu du Izagirrek.

Azpimarratzekoa da otsailean Euskaditik janariz betetako zazpi atoirekin bidalitako karabana Alacanten dagoela geldirik, beraz, errefuxiatuek ez dute oraindik laguntza guzti hura jasotzerik izan. "Algeria oraindik itxita dago, eta covid-19ak eragindako egoera honetan, kanpamentuetan ezin dute kanpotik etorritako inolako laguntzarik jaso", dio Izagirrek. "Lehen egoera larria bazen, are larriagoa bihurtu da orain", azpimarratu du Álvarezek.

Erabaki horrek sahararrei nahigabea eragin badie ere, beraien kezka nagusia koronabirusa ate-joka izatea zen: "Oraingoz, kanpamentuetan ez da pertsona bat bera ere kutsatu covid-19arekin, eta zoriontzekoak dira han egin dituzten babes eta sentsibilizazio kanpainak", nabarmendu du Oporrak Bakean programako arduradunak.

Sahararrak 1975. urteaz geroztik bizi dira errefuxiatu kanpamentuetan. Hilabete gutxi batzuetarako izan behar zuen kanpamentua urte askoan luzatu da. "Ezin dugu ahaztu ezohiko egoera hori ikaragarri luzatzen ari dela, eta aurten haur sahararrak, beste behin ere, ahaztuak izango direla", dio Izagirrek.

Zentzu horretan, haien errealitatea aldatu beharra dagoela aldarrikatu du: "Beraiek euren lurraldean egon beharko lukete, Mendebaldeko Saharan, eta hango hondartzetan egoteko aukera izan beharko lukete. Hori da guk hemendik adierazi behar duguna eta ukatu ezin duguna. Norbaitek noizbait hartu beharko du ezohiko egoera horrekin bukatzeko erabakia".

Une honetan, elkartea lanean ari da urrian haur sahararrei botikak, eskolako materiala, arropa eta janaria bidaltzeko. Horretarako, udalei diru-laguntzak eskatzen ari zaizkie, baita garraio mota desberdinak aztertzen ere, baliabide horiek haraino iritsi daitezen.

"Azaroa aldera Saharako Gobernuak baieztatzen badigu Oporrak Bakean programa martxan jarri behar dugula, berriro lanean jarriko gara buru-belarri datorren udan ahalik eta haur gehien ekartzeko asmoarekin", azpimarratu du Izagirrek. Amaitzeko, eta helburu hori egia bihurtzeko, bi hilabetez euren etxetako ateak zabaldu eta haurren bizimodua errazten laguntzeko prest dauden harrera familia gehiago behar dituztela esan digu berak ere.

"Algeria oraindik itxita dago, eta covid-19ak eragindako egoera honetan, kanpamentuetan ezin dute kanpotik etorritako inolako laguntzarik jaso"