TOLOSA. Tolosako Udalak herriko kaleak garbitzeko zerbitzu-kontratuaren lizitazioari hasiera ematea onartu egin du ostegunean ospatutako uztaileko Osoko Bilkuran. Aurreko kontratua amaitzear zenez, udalak plegu berriak prestatzeari ekin zion herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.

Izan ere, udalaren helburuetako bat da herritarrei kalitatezko zerbitzuak bermatzea eta noski, Tolosa txukun eta atsegina eskaintzea ere. Ildo horretarik, kale garbiketa zerbitzua oinarrizko eta funtsezko zerbitzua da. Covid-19aren harira, garrantzia berezia hartu duena gainera, denbora honetan kale garbiketa zerbitzua nabarmen areagotu baita egoerak eskatzen dituen osasun eta neurriak zorrotz jarraitzeko.

Covid-19aren eraginez, administrazio epeak etenda egon dira denbora batez eta horrek zerbitzua kontratatzeko esleipena abiaraztea atzeratu egin du.

Guztia prest, kontratuaren zenbatekoa eta iraupena dela eta eman behar izan dio onarpena Osoko Bilkurak. Esleipena ohiko prozedura jarraituta gauzatuko da, lehiaketa ireki btiartez eta 4 urteko iraupena izango du. Hainbat hobekuntza ere txertatu dira, bereziki makinak berritzeko helburuarekin eta hori dela eta aurrekontua handitu da. Zerbitzua 7.033.636,36 eurotan esleituko da.

Aurrekontua prestatzeko kanpo enpresa batek azterketa ekonomikoa egin du eta lan legeriak aurreikusitako kostuak kontuan izan dira eta langileriaren lan egonkortasuna bermatzeko eta ziurtatzeko gizarte klausulak ere txertatu dira pleguetan. Zehazki, langile mugagabeen kopurua gutxienez % 60koa izatea eskatu da.

750.000 EURO DIRULAGUNTZETARAKO

Diru laguntzen eranskinean aldaketak egitea onartu da 750.000 euro Suspertu Planera bideratzeko. Dagoeneko horietatik 725.000 erabili ditu udalak autonomo eta mikroenpresei zuzendutako laguntzak martxan jartzeko eta gainerako 25.000 euroak udazkenean martxan jarriko den laguntza lerro berri baterako izango dira, Covid-19aren ondorioz sektore ezberdinek egin behar izan dituzten inbertsioetan laguntzeko.

HAINBAT LIZITAZIO MARTXAN

Udalak, halaber, jakinarazi du azken aste eta egunotan hainbat esleipen martxan jarri dituela, besteak beste, TAO zerbitzuari dagokiona edota izurriteei lotutakoa, urtean zehar udalak egiten dituen izurriteen aurkako kanpainak gauzatzeko.

Amaitzeko, ostegunean ospatutako Osoko Bilkuran, besteak beste, 2019ko Tolosako Udal Sektorearen Kontu Publikoaren Kontu Orokorra behin betikoz onartu da eta bi mozio jorratu dira: bata, irregulartasun administratibo egoeran dauden etorkinentzako ezohiko erregulazio prozedura abiaraztearen aldekoa, aho batez onartu dena, eta bestea, EH Bilduren udal taldeak aurkeztutakoa, Orain Ardura herritarren ekimenaren harira, azken hau ez da aurrera atera.