TOLOSA. Tolosako Udalak udalekuak bertan behera uzteko erabakia hartu egin du, koronabirusaren kutsaketak ekiditzeko helburuarekin. Horrela azaldu zuen atzo arratsaldean Tolosako alkate Olatz Peonek herriko aisialdi taldeekin bildu eta gero.

Azken egunotan Gipuzkoan izan diren kasu positiboen harira hartutako erabakia izan da, prebentzio neurri modura, birusaren hedapena ekiditeko helburuarekin.

Alkateak zuzenean Osasun Sailburuarekin hitz egin ondoren deitu dute bilera herriko talde eta ikastetxeetako ordezkariekin.

Gauzak horrela, udalak antolatutako Auzolandegiak udaleku irekiak, zein talde eta ikastetxeek antolatzen dituztenak bertan behera geratu dira Osasun Sailaren agindua indargabetu bitartean. Beraz, astelehenetik aurrera jarduera hauek eten egingo dira: ikastetxeek zein aisialdi taldeek antolatutako udaleku irekiak eta ludotekak, kirol zein kultur taldeek eskainitako ikastaroak, tailerrak eta kanpusak eta Auzolandegiak egitasmoa.

Edozein modutara, udalak herriko talde eta ikastetxeek udalekuak antolatzeko egin duten ahalegina eta azken asteotan egindako lana eskertu nahi izan ditu.

Era berean, gaurkoan, Osasun Sailaren erabakiz eta Foru Aldundi eta udalekin koordinatuta, eten egin dira adineko pertsonen egoitzetako eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetako egoiliarren irteerak.

Bisitak hurbileko pertsona bakar batengana mugatu dira eta adineko pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroak ere itxi dira.

JENDE PILAKETAK EKIDIN ETA MUSUKOA ERABILI

Beste behin udaletik herritarrei gogorarazi zaie musukoa erabiltzea derrigorrezkoa dela, baita ezarrita dauden neurriak errespetatzea ere. Halaber, eskatu dute jende pilaketak ekiditea arrisku egoerarik ez sortzeko.

“Guztion ardura da neurriak errespetatzea eta guztion esku dago gure burua zaintzea eta ingurukoak babestea, Tolosa babestea, atzera pausorik ez emateko; erantzunkidetasuna, elkartasuna eta zuhurtzia ezinbestekoak ditugu momentu honetan", azpimarratu du alkateak.