GASTEIZ. Gasteizko Udalak udal plantillaren kudeaketa modernizatzeko plana landu egin du. Plan horren helburu nagusietariko bat udal langileen mugikortasuna erraztea da, behar duten zerbitzuen lana puntualki indartzeko. Hala ere, hiru xede ditu plan estrategiko honek: giza baliabideen antolaketa modernizatzea, herritarren beharrei erantzuteko orduan malgutasun handiagoa izatea eta zerbitzua eraginkorragoa izatea.

Giza baliabideak arrazionalizatzeko plan estrategikoa lantzeko langileen eskuragarritasuna eta beharra aztertu da aldez aurretik, maila kuantitatiboan zein kualitatiboan. Azterketa hori lana antolatzeko sistemetarako ezartzen den aurreikuspenean islatuko da (adibidez, lanpostuen zerrenda).

Arrazionalizazio-planaren beste helburu bat da langileak mugitzeko neurriak bilatzea, sortzen diren beharrak azkarrago kudeatzeko. Administrazio orokorreko lanpostuak dira mugikortasunerako aukeren adibide argia, horietan udal zerbitzu bateko langileek beste bat indartu bailezakete puntualki zereginak metatzen diren garaietan, kontratazioetan, esate baterako. Helburu horri lotuta, telelan-sistemak udal errealitatera egokitzen jarraitzeko beharra planteatu da.

Orobat, langileak hobekuntza- eta partaidetza-politiketan inplikatzea lortu nahi da planaren bidez; horretarako zenbait tresna proposatzen dira, hala nola jokabide-kode profesional bat lantzea. Ildo estrategiko horren barruan beste bi neurri abian jartzea aurreikusi da: barne-sustapena eta prestakuntza sustatzeko neurriak.

Giza Baliabideen Sailak agintaldirako planaren barruan ezarri zuenez, hemendik 2023ra bitartean udal plantillaren bitartekotasun-tasa murrizten jarraitzea da helburua, % 10etik beherakoa izan arte. Horretarako, C, D eta E taldeetarako aurreikusi eta deitutako LEPak garatzen jarraitzearen alde egiten du plan estrategikoak.

Beste ekintza batzuk ere jasotzen ditu giza baliabideak arrazionalizatzeko plan estrategikoak: enplegu publikorako bigarren berdintasun-plana onartzea, buruzagitzak eta tarteko karguak langileen kudeaketan gehiago inplikatzea, eta osasun prebentiboaren arloko neurriak hartzea, absentismoa murriztearren.