Dirulaguntzak emango ditu

Tolosak banda zabala eramango du Bedaioko baserrietara

15.07.2020 | 10:38

TOLOSA. Tolosako Udalak dirulaguntzak eskainiko ditu Bedaioko baserrietara Interneteko banda zabaleko zerbitzua eramateko. Guztira 16.000 euro bideratuko dira. Dirulaguntza hauen bidez, Bedaioko bizilagunek gutxieneko kalitatezko baldintzak betetzen dituen Internet zerbitzua eduki ahal izatea bermatu nahi du udalak, eta hala, etxe bakoitzean instalatu behar diren azpiegituren kostuaren zati bat bere gain hartuko du.

Covid-19ak eragin duen egoerari erantzuteko udalak hartu dituen neurrien artean dago diru laguntza hau. Bedaioko Internet sarearen gabeziak are nabarmenagoak izan dira Covid-19ak eragin duen osasun larrialdi eta itxialdi egoeran, eta egoera hori arindu asmoz, martxoaren 14tik aurrera eta azaroaren 31ra bitartean egingo diren instalazioen kostua ordaintzera bideratuko dira laguntzak.

Etxebizitza bakoitzeko jaso daitekeen diru laguntzaren gehieneko kopurua 400 eurokoa izango da, eta udalak soilik irrati bidezko Internet zerbitzua erabili ahal izateko oinarrizko azpiegituraren instalazioaren kostua finantzatuko du. Ez du bere gain hartuko ez azpiegitura honen mantenurik ezta Interneteko hornitzaileei ordaindu beharreko kuotarik.

Diru laguntza jaso ahal izateko derrigorrezkoa izango da eskatzailea Bedaioko etxebizitzeko batean erroldatuta egotea eta bertan bizitzea. Diru laguntza eskatzerakoan, Internet sarearen instalazioaren faktura, faktura ordaindu izanaren agiria eta Interneteko datuen kontratua aurkeztu behako ditu eskatzaileak. Halaber, diru laguntza hau ez da bateragarria izango helburu bereko beste diru laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin.