GASTEIZ. Gasteizko Udalak programazio zabalarekin ospatuko du hiriko birika berde nagusietako bat den Florida parkeko 200.urteurrena. Bi mendetan mota guztietako bilerak eta ospakizunen agertokia izan da Florida parkea: jaialdiak, dantzaldiak, musika-ikuskizunak, belopizedoen lasterketak, tonbolak, udaberriaren hasieran egiten zen zuhaitzaren festa, eta erritu eta ohiturak, 'maitasunaren zuhaitzarena', kasu. "Parkea Gasteizen bihotz-bihotzean kokatzen da, eta gasteiztar guztion bihotzetan ere dago", esan du Gorka Urtaran alkateak.

Horren haritik, eta Eusko Legebiltzarraren 40. urteurrenarekin bat eginez, "diseinatu dugun programazioak zabalkunde-jarduerak, inguru berde horri buruzko liburuxken sorkuntza edo argitalpenen berrargitalpena eta historiari keinuak barne hartuko ditu, baita Eguberrietan izotz-pista Floridako parkera itzultzea ere" Gasteizko alkate Gorka Urtaranek atzo goizean azaldu zuenez. Udaleko zenbait sailek jende ororentzako jarduerak eskaintzearren azken hilabeteetan egindako ahaleginaren emaitza da egitaraua: Alkatetza; Mugikortasuna eta Espazio Publikoa; Ingurugiro Gaietarako Ikastegia; Ekonomia Sustapena; Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak, Gizarte Politikak, eta Kultura. Ensanche XIX. Elkarteak ere bere ikuspuntua eta bere proposamenak egin ditu parkea goraipatzeko.

Egun horretan bertan 'maitasunaren zuhaitza' landatuko da. Ale berriak 1930ean desagertu zen 'maitasunaren zuhaitza' ordezkatuko du. Zuhaitz horrek ospea lortu zuen, usadioak zioenez bikotea lortzen laguntzen baitzuen. Horretarako, nahikoa zen enborrari zazpi bira ematea. Maitasunaren zuhaitz berria 'cercys siliquastrum' bat izango da. Zuhaitz handia da, hosto arrosak dituena.