TOLOSA. Koronabirusak eragindako egoera aprobetxatuz, Tolosako Udalak tokiko kultura ezaguarazi eta sustatu egingo du. Hala, uztailaren 10etik irailaren 11ra hamalau ekintzaz (musika, dantza, antzerkia, zinema aire librean...) osaturiko egitaraua eramango du aurrera. Hala ere, udaletik espero dute egitarau hori handitzen joatea.

Kultur programaren barruan antolatu diren hainbat ekintzetako protagonistekin batera egin den agerraldian Izarne Iglesias Kultura zinegotziak azaldu duenez, “kultura gure herri izaeraren parte garrantzitsua da. Herrian hainbat eta hainbat kultur talde, artista eta sortzaile ditugu, eta horien guztien jarduna babestu eta indartu nahi ditugu. Kultura inbertsioa delako, kohesio sozialerako tresna, herria bizirik mantentzeko giltzarria”. Tolosa ekintzen faktoria bat dela gehitu du Iglesiasek, “kulturak herriari egiten dion ekarpenari esker”. Horregatik, eta “pandemiak beste hainbat sektoretan eragin duen moduan, euskal kulturan, euskal industrian eta, nola ez, herriko talde eta profesionalen jardunean bete-betean eragin duelako” uda honetan kulturaren aldeko apustua egin du udalak.

Zentzu horretan, Suspertu Tolosa planaren baitan zehaztutako hiru ardatz nagusiak ekarri ditu gogora Iglesiasek: “Gizarte babesa bermatzea; hiri ekonomia suspertzea, eta gure herri izaerari eustea, kultura eta herriko taldeak babestuz”. Bide horretan, aurrean dugun erronka potolo honi aurre egiteko bide bakarra “elkarlana” dela gehitu du zinegotziak.

HERRIKO ERAGILE, TALDE ETA ARTISTEN PARTAIDETZAREKIN

Ostegunean aurkeztu zen “kale dinamizaziorako kultur egitaraua” Tolosako eragileekin, eta herriko taldeen zein artisten partaidetzarekin osatu du udalak. “Kale dinamizaziorako kultur egitaraua da, kulturak herriko hainbat bazter hartuko dituelako datozen hilabeteetan: Zumardi Txikia, Zerkausia, Euskal Herria plaza, Zumardi Handia, Alondegia, Plaza Berria… Mikologikaren eskutik ikusi genuen Zumardi Txikiak mila aukera ematen dizkigula, eta, horregatik, uda honetan ere herritarrentzat berreskuratu nahi izan dugu espazio hau”.

Egoerak hala eskatuta, emanaldi guztiak beharrezkoak diren segurtasun eta prebentzio neurri guztiak hartuta egingo dira. Hala, saio eta emanaldi guztietarako gonbidapena beharko da, edukierak kontrolatu ahal izateko.

“Emanaldi ia guztiak doakoak izango dira, kulturaren alde egiten dugun apustuagatik, tolosarrek ere gurekin bat eginez, kulturaren alde egin dezaten, kultura babestu dezaten”. Saioetarako gonbidapenak kultur etxean eskuratu ahal izango dira, zine saioetarako gonbidapenak izan ezik, azken horiek Internet bidez eskuratu beharko direlako. “Edonola ere, gonbidapenak noiztik aurrera eta nola eskuratu datozen egunetan azalduko dugu, gaur egitarauari eman nahi diogulako protagonismo osoa”, zehaztu du Iglesiasek.

Udako tartea igarota, udazkenera begira ere lanean jarraituko dutela azaldu du Iglesiasek, baina udaz gozatzeko gonbidapena egin du: “Gozatu dezagun udaz, kulturaz eta gure herriaz, elkarrekin eta elkarlanean egoera honi aurre egin diezaiogun”. Amaitzeko gaineratu du: “oraindik ere arduraz eta erantzukidetasunez jokatzen jarraitu behar dugu, gu guztion onerako, eta ezarritako neurriak errespetatu behar ditugu, distantziak mantendu eta musukoa erabili”.