- Euskadiko bederatzi estuariok eta kostaldeko lau ur masek “egoera ekologiko ona” lortu dute URA Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez. Hurrengoak izan dira aintzatespen hori erdietsi dutenak: Nerbioiko barnealdeko eta kanpoaldeko estuarioak, Butroe, kanpoko Oka, Deba, Urola, Oria, Urumea eta Bidasoa dira estuarioak, eta Kantabria-Matxitxako, Matxitxako-Getariako, Getaria-Higer eta Mompas-Pasaiako kostako urak. Aipatutako horien kasuan, azkenaldian ez dute arazo garrantzitsurik izan (kostaldeko ur masak), edota bertako saneamendua osatu egin da, bere egoera hobetuz (Nerbioi kanpokoa, adibidez), EAEko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen sarearen 2019ko kanpainari buruzko txostenean azaltzen denaren arabera.

Hori bai, katalogatutako 18 ur masetatik, bostek ez dute egoera ekologiko ona lortu: barneko Okan egoera txarra da, eta moderatua Barbadun, Lea, Artibai eta Oiartzunen. Saneamendu osorik gabeko ur masak (Oka) edota kaltetuta egon eta oraindik egoera onera iritsi ez den susperraldia izan dutenak dira (Oiartzun, Artibai). 2018ko datuekin alderatuz gero, Nerbioi Kanpoaren masa moderatutik egoera onera igaro da.

Baina, zer adierazten du zehazki uren egoera ekologikoak? Azaleko uren ekosistemetako egituraren eta funtzionamenduaren kalitatea. Gauzak horrela, EAEko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen programaren barruan dago, non lurrazaleko uren (ibaiak, trantsizioko urak, kostaldeko urak eta hezeguneak), lurpeko uren eta eremu babestuen azterketa egiten den. Azterketaren helburu nagusiak, ur masen egoeraren “ikuspegi orokor koherente eta osoa” ematea, ur masa bakoitzerako ingurumen helburuen betetze maila zehaztea eta plan hidrologikoetan ingurumen hobekuntzarako ezarritako neurrien eraginkortasun maila zehaztea diras. Azken urteetan, URA agen-tziak azaldu duenez, Euskadiko kostaldeko eta trantsizioko ur masek hobekuntza handia izan dute. Hobekuntza hori, 1995tik 2019ra bitartean aztertutako aldagai eta elementu biologiko zein kimiko askotatik abiatuta frogatuta dago, eta, arroetako, estuarioetako eta kostaldeko eremuetako saneamendu neurrien ondorioz gertatu da. Alabaina, oraindik daude saneamendua dela eta presio esanguratsuak dituzten masak, egoera ona lortzerik izan ez dutenak. Bestelako kasuetan, ezinezkoa da kutsadura egoera kroniko batetik datozenetan batez ere, Nerbioin edo Oiartzunen, besteak beste.