Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturalek udako programazioa landu dute
GASTEIZ. Aurtengo adinekoentzako zentro soziokulturalek antolatutako udako programazioa berezia izango da, dudarik gabe. Koronabirusak eragindako egoera honek hainbat jarduera aldatzera, moldatzera edota kentzera behartu egin du. Nobedade gisa, aurtengo jarduera guzti-guztiak aire zabalean egingo dira, segurtasun-neurriak bete ahal izateko.
Gaur, ekainak 5, irekiko da izena emateko epea, eta orotara 83 ikastaro eta lantegi eskainiko dira ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean. Guztira 800 leku 60 urte edo gehiago dutenentzat. Askotariko jarduerak izango dira: txikung, biodantza, gimnasia, smartphoneen erabilera, internet, ibilaldiak, etab.
Jardueretan 2-6 saio izango dira, 60-90 minutukoak, eta espazio irekietan emango dira: parke eta lorategietan (Zadorra eta Arana), plazetan (Santa Barbara eta Laudio) edo barruko patioetan (Landazuri), besteak beste.
“Koronabirusa dela eta bizitzen ari garen egoera kontuan izanik, programazioa aire zabalean egiteko moldatu dugu, adinekoek segurtasunez parte hartu dezaten. Jarduerak kalean egiteaz gain, beste neurri batzuk hartuko dira osasuna babesteko, hala nola distantziak ezartzea eta espazioak mugatzea”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.
Jardueretan izena emateko prezioa merkea izango da, saio kopuruaren araberakoa. Esate baterako, bi saioko lantegiek —ordubetekoak— euro 1 balioko dute, eta sei saiokoek —ordu eta erdikoak— 3,50 euro.
IZEN-EMATEA TELEFONOZ
Izen-ematea telefonoz egin beharko da, zentro hauetako batean: Abetxuku, Arana, Aranbizkarra, Ariznabarra, Koroatzea, Pilar, Lakua-Arriaga, Landazuri, Herrandarrak, San Kristobal, San Prudentzio, Txagorritxu eta Zaramaga.
Udalaren web-orrian eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako sarreran eskuratu daiteke informazio guztia.
Udako programazioaz gain, beste jarduera batzuk antolatu dira bakarrik bizi diren eta ahultasun egoeran egon daitezkeen adinekoentzat. “Piztu zure auzoa” programak beste pertsona batzuekin biltzeko aukera eskaintzen die, gaurkotasuneko gaiez hitz egiteko eta laguntza eman eta jasotzeko. Harremanak izatea eta bizipenak eta esperientziak partekatzea da helburua.
Interesdunek Aldabe, Pilar eta Landazuriko zentro soziokulturaletara deitu dezakete informazioa eskatzeko.
Temas
Más en Sociedad
-
Los médicos vascos vuelven a la huelga sin un horizonte de acuerdo con el Ministerio de Sanidad
-
La EHU plantea una estrategia de alianzas para competir en pie de igualdad con las universidades chinas
-
Educación quiere que la mitad de los centros prescindan de Google Workplace for Education y se pasen Iradi antes de 2030
-
La EHU llama a ganar escala y advierte de que las universidades europeas son "demasiado pequeñas"