GASTEIZ. Gaur goizean, hilak 26, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Tornay Medikuaren plaza inauguratu du, Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredorekin batera."Gaur goizean egiaztatu dezakegu esku-hartzeak merezi izan duela benetan. Orain oinezkoentzako espazio atsegina, irisgarria eta berritua dugu. Lehen ibilgailu aparkatuak eta ibiltzeko leku gutxi zegoen leku batean egoteko leku kalitate handikoa dugu, non pertsonak bide publikoaren erdigunean baitaude, eta ostalaritza eta merkataritza jarduera, bizitza", esan du Urtaranek. Udalak milioi bat euro bideratu ditu lan horietara.

"Orain Gasteiz plana aurkeztu genuenean esan genuen espazio publikoaren berrantolaketa funtsezkoa zela COVID-19aren pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko. Eta plaza berri honek ezin hobeto adierazten du zer ekar dezakeen oinezkoentzako espazioak zabaltzeak eta Gasteizko auzoetan super-etxadiaren eredua garatzeak", erantsi du Gorka Urtaranek.

Promociones y Pavimentaciones Balgorza SA enpresa arduratu da eraberritze-lanez, eta horiei esker, Olagibel kaleak, Judimendi hiribideak, Done Jakue hiribideak eta Jose Mardones kaleak mugatutako 'super-etxadiaren' erdigunea sortu da, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planari jarraituz.

Izan ere, alderdi horrek espaloi estuak eta ibilbide bihurgunetsuak zituen, eta ibilgailu pribatuek hartzen zuten leku gehiena. Esku-hartzeak 5.500 metro koadroko eremu batean izan du eragina: oinezkoentzako pasabide goratuak jarri dira Benito Ginea eta Cola y Goiti kaleekiko bidegurutzeetan, irisgarritasuna hobetzeko. Done Jakue hiribidean ere beste zebra-bide bat jarri da. Halaber, Olagibel kalearen amaieran Judimendiren sarreran dagoen oinezkoentzako pasabidea aldatu da, seguruagoa izan dadin, bihurgune batean baitago.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak hiruki formako bi barne-plazatxo diseinatu zituen Tornay Medikuaren kalerako, zeinek galtzada-harri zeramikozko zoladura baitute, gainerako lekuetan erabilitako zoladurarekin kontraste eginez. Miranda de Ebro kalea eta Trebiñoko Konderriaren kalea, berriz, ibilgailuentzat izango dira aurrerantzean ere, Done Jakue hiribidetik sartu eta irteten delarik. Tornay Medikuaren kaleko zatian, ordea, galtzada espaloien mailan utzi da, oinezkoei lehentasuna emanez; asfalto leunduzko zoladura jarri da hor. Orobat, Saez de Quejana kaleko parterreak kendu dira, eta Trebiñoko Konderriaren kaleko haurrentzako jolasgunea handitu da.

HIRI-ALTZARIAK, TIVISAREN GELTOKIA ETA DIRULAGUNTZA

Bide batez, Udalak argiteria publikoaren sarea eta saneamendu-sarea egokitu eta modernizatu ditu, eta hiri-altzariak berritu, eserlekuak, paperontziak, bizikleta aparkatzekoak, piboteak eta bi iturri jarrita. Auzokoek estatutakoari jarraituz, zuhaitz batzuk kendu dira, gaixo zeudelako edo fatxadetatik oso hurbil. Horien truke beste zuhaitz batzuk landatu dira, datozen hilabeteetan haziko direnak. Zehazki, masustondoak landatu dira txorkoetan, eta tamaina handiko Celtis australis (almez) bat.

Horren guztiaren osagarri, TUVISAren Judimendi/San Juan geltokia lekuz aldatu da, oinezkoentzako pasabidetik urrunago dagoen leku batera, segurtasun-arrazoiak direla eta. Azkenik, desagertzen diren aparkaleku-plazak konpentsatzeko, Udalak beste leku batzuk egokitu ditu Jose Mardones kalean eta Judimendi hiribidean.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 120.000 euroko dirulaguntza eman dio Udalari lan horiek egiteko.