GASTEIZ. Gaur goizean, hilak 11, astelehena, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek osasuna prebenitzeko, gizarte-laguntza indartzeko eta tokiko ekonomia sustatzeko 'Orain Gasteiz' izeneko plana aurkeztu du. Planak helburu horiek lortzeko neurri sorta bat da.

"Hiriaren berehalako estrategiak helburu hauek ditu: osasuna babestea; gasteiztar guztien gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea, batez ere zailtasunei aurre egin behar dieten familiei begira; gure enpresak, gure saltokiak eta gure ostalaritza sustatzea, eta inbertsio publikoa ardatz estrategikoetan mantentzea, enpleguan, kontsumoan eta biziberritzean duen eragin biderkatzaileak Gasteizko gizartean eragin dezan. Orain, dena eman behar dugu Gasteizen alde, gure familien, gure ekonomiaren, gure bizi-kalitatearen alde. Udalak horretan jarriko ditu indarrak, baina bide hori konpromiso indibidual eta kolektibotik egin behar dugu, inor atzean gera ez dadin", nabarmendu du alkateak. Gorka Urtaranek hiru ardatz nagusitan laburtu du udal gobernuaren plana: orain, gure osasuna; orain, gure ongizatea eta bizi-kalitatea; orain, gure ekonomia.

PANDEMIAREN JARRAIPENA ETA ALERTA GOIZTIARREKO SISTEMA

Udal Gobernuak osasun-krisian izan duen lehentasun handienetako bat izan da, eta hala izaten jarraitzen du, pandemiak gasteiztarren artean izan duen bilakaeraren jarraipen zorrotza egitea, osasuna babesten laguntzen duten erabakiak hartu ahal izateko. Horretarako, Udalak lankidetza estua du Osakidetzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, besteak beste.

Gainera, jarraipen eta prebentzio neurri berri bat iragarri du gaur alkateak: EHUko eta Osakidetzako ikertzaileek bultzatutako lankidetza proiektu bat, zeinean Arabako Aldundiak, Bioarabak eta AMVISAk hartzen baitute parte, Gasteizko Udaleko Alkatetzako koordinatzailearen gidaritzapean.

Hain zuzen ere, Gasteizen hondakin urak aztertzeko metodo bat jarriko dute martxan, COVID-19a garaiz detektatzeko, farmakoak kuantifikatzeko eta gai toxikoak aztertzeko.

"Egungo pandemiaren kezka nagusietako bat etorkizunean beste agerraldi batzuk gertatzea da, kontuan hartuta kasu asintomatikoak kutsatzeko iturri garrantzitsua izan daitezkeela eta kasu horiek modu fidagarri eta azkarrean detektatzea erronka handia dela. Gasteizko Krispiñako araztegira sartzen diren eta bertatik ateratzen diren gaien analisiak aukera emango luke neurketak egiteko eta arriskuak aztertzeko. Hondakin-uretan birusaren presentzia goiz detektatzeak gizarte-ikuspegi aurreratuagoa, zentratuagoa eta orekatuagoa hartzen lagun dezake. Gaur egun, mundu osoko dozenatik gora ikerketa talde ari dira metodo hori ebaluatzen, etorkizunean koronabirus agerraldiak iragartzeko tresna izan baitaiteke", azaldu du alkateak.

KONTINGENTZIA PLANA

Gorka Urtaranek gogorarazi du Udala kontingentzia plan bat lantzen ari dela, pandemiaren balizko agerraldi baten aurrean hiria prest egon dadin.

Plan horrek aurreikusten du bermatuta izatea norbera babesteko ekipamenduen hornidura, baita lanaren barne-antolamendurako protokolo bat eta udal zerbitzu eta baliabideen kanporako beste protokolo bat ere, herritarrei aparteko beharrizanetan erantzun ahal izateko, gaitza berriz agertuz gero.

Neurri horiez gain, test masiboak egingo zaizkie hainbat zerbitzutako langileei, hala nola Udaltzaingokoei, Suhiltzaileei eta Etxean Laguntzeko Zerbitzukoei. Udalen eskaera bat da, Eudeleko presidentea den aldetik alkateak Babes Zibileko Planaren aholku-batzordeari helarazi ziona, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aintzat hartu du.

ESPAZIO PUBLIKO SEGURUAGOA ETA OSASUNGARRIAGOA

Gaur egungo osasun-krisian, Udalaren beste lehentasunetako bat espazio publikoa osasungarria izan dadin zaintzea da, eta kutsatzeko arrisku handiena duten eremuetan desinfektatze- eta garbiketa-lanak zorroztea. Horren harira, Gorka Urtaranek baieztatu du desinfektatze lan bereziei eutsiko dietela, eta iragarri du lan horiek hiriko gune jakinetara egokituko dituztela, orain kirola edo ibilaldiak egiterik dagoenez herritarrek gehiago erabiltzen baitituzte.

Horrenbestez, desinfekzioa areagotuko da jende gehien biltzen den guneetan. Alkateak jakinarazi du, halaber, Eraztun Berdeko parkeetan 40 azalpen-kartel jarriko direla, zeinetan argibideak ematen baitira horietaz gozatu ahal izateko osasun arloko neurriak betez , eta 340 baliza ere jarriko direla, ibilbide ezberdinen noranzkoa adierazteko.

EKITALDIEN KUDEAKETA ORDENATUA

Udalak eskuartean duen beste erabaki bat hiriko ekitaldien kudeaketa ordenatua da, datorren udako kanpainarako. Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako 'Uda Euskadin' dokumentua aztertuko dute euskal erakundeek, tartean Gasteizko Udalak, zeinak udako ekitaldiak egin ahal izateko oinarrizko segurtasun irizpideak ezartzea baitu helburu. Bihar bertan, EUDELeko zuzendaritzak agiri hori aztertuko du, euskal udalek orientabide komunak izan ditzaten beren udalerrietan ekitaldiak egitea erabakitzeko orduan.