GASTEIZ. Gaur goizean, maiatzaren 5ean, Iñigo Urkullu lehendakariak, Osakidetzako zuzendari nagusi den Juan Luis Diegorekin eta Osasuneko sailburu den Nekane Murgarekin batera, Gasteizko Lakuabizkarrako osasun-zentroa bisitatu egin du. Bisita aprobetxatuz, Urkulluk bertan lan egiten duten pertsonen lana eskertu egin du.

Lehendakariak Lehen Mailako Arretako profesionalei eskerrak eman dizkie epidemia honi "erantzun azkarra eta eraginkorra" emateko gai izan direlako, eta, aldi berean, laguntza eskaini dietelako beste kolektibo batzuei edo beste osasun-arazo batzuei. Erantsi du haien lana "funtsezkoa" izaten jarraituko duela kasu berriak aztertzeko beste fase honetan, eta orain arte bezala lan egiten jarraitzera animatu ditu, gizartearentzat "talde-lanaren eredu" baitira.

Laginak hartzen diren gunera sartu ondoren, lehendakariak zuzen-zuzenean ikusi ahal izan du Lehen Mailako Arreta osatzen duten taldeek egunero egiten duten lana.

PANDEMIAN EGINDAKO EGOKITZAPENA

Lehendakariak nabarmendu du asistentzia-maila horrek erakutsi duen berrantolatzeko gaitasuna. Profesionalen ehuneko handi batek bere zeregina berrantolatu du zonifikatutako zentroei estaldura emateko, ospitale-larrialdietan laguntzeko, Osakidetzaren zerbitzura jarritako hoteletan laguntzeko, edo hain larriak ez diren kasuetan laguntza soziosanitarioa emateko.

Hori guztia, kontsulta asko eta asko telefono bidez artatu diren egoera batean. Pandemiaren punturik garaienean, Lehen Mailako Arretako Zentroek COVIDa izan zezaketen pazienteen ia 1.500 kontsultari erantzun zieten aurrez aurre, 60 kontsultari etxebizitzan eta 2.000 inguru kontsultari telefono bidez. Kopuru horiei gehitu behar zaizkie egunean egin diren bestelako gaitzen 60.000 kontsulta baino gehiago.

FUNTSEZKOA DETEKZIO GOIZTIARRERAKO

Hemendik aurrera, eta beti Osasun Publikoko taldeen eskutik, erizainen kolektiboa funtsezkoa izango da COVID kasu berrien identifikazio goiztiarrean eta jarraipenean, batez ere.

Pertsona batek eztula, sukarra, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasuna edo usaimenik eza gisako sintomak baditu, etxean (isolatuta) geratu beharko du eta bere osasun-zentrora deitu. Lehen mailako arretako langileek telefonoz artatuko dute, haren egoera baloratuko dute, eta, koronabirus kasu bat izan daitekeela uste badute, proba bat egingo diote egokien iruditzen zaien moduan. Osasun Publikoaren jarraibideei jarraituz, erizainek funtsezko zeregina beteko dute birusaren eraginpean dauden pertsonen hurbilekoak identifikatzeko, eta horien jarraipena egingo dute.

IMMUNITATEA HAUTEMATEKO PROGRAMAK

Lehendakariak ezagutu ahal izan du Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek COVID-19aren aurrean duten immunitate-maila aztertzeko bi ekimen osagarrietako batean parte hartzen duen pertsona baten kasua. Azterketa horietako bat Carlos III.a Institutuak bultzatutako seroprebalentziari buruzko azterketa da eta, bestea, Euskadiko balizko COVID kasuen baheketa-azterketa bat. Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzak garatzen ditu bi azterketak, zehazki, lehen mailako arretak.

Asmoa da 9.000 pertsonarengana, gutxienez, iristea. Bi azterketa horiek Lehen Mailako Arretatik kudeatzen ari dira. Balizko COVID kasuen baheketan, gutxienez 600 pertsonari eman zaie hitzordua, eta Carlos III.a Institutuak bultzatutako seroprebalentzia-azterketaren kasuan, orain arte 1.577 pertsonari eman zaie hitzordua.