TOLOSA. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, Osasun sailaren oniritziarekin, azokak egiteko aukera onartu egin du gaur goizean, apirilak 14. Hori dela eta, Tolosako Udalak hurrengo larunbatean ezohiko azoka segurtasun neurri guztiekin antolatzeko aukera ikertzen ari da.

Edozein kasutan, azoka bertan behera utzi zenetik, buru belarri aritu da Merkataritza, Azokak eta Turismoa saila ekoizleen produktuak merkaturatzeko aukera berriak lantzen. Zuzeneko harremana izan dute denbora guzti honetan azokan parte hartzen duten ekoizle guztiekin.

Ezohiko egoera honek, larunbateko azokak baldintzatu dituela uka ezina da eta horregatik, egitasmo berriak landu eta jarri dira martxan azken asteotan, betiere, helburu hartuta baserritarren lana babestu eta beren produktuak erosi eta saltzeko aukera bermatzea.

Larunbatean ekoizleen produktuak saldu eta erosteko aukera izango da:

Debekua bertan behera geratu da, eta horrela eman zuen jakitera larunbatean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, Osasun sailaren oniritziarekin. Hortaz, orain arte bezala, aginduekin zintzo jokatuta, egoera berrira egokituko da udala eta ekoizleen produktuak saltzeko ezohiko salmenta gunea antolatuko da. Edozein modutara, udal gobernuak azpimarratu du ezohiko moduan eta segurtasun neurri zorrotzekin egingo dela produktuen salmenta.

Aste honetan zenbat posturekin eta zehazki salmenta nola egingo den landu eta jakinaraziko du udalak, ekoizleekin banan- banan hitz egin ostean.

Udal gobernuak azpimarratu du, momentu oro, udalak baliabide guztiak jarri dituela baserritarren eskura beren produktuak merkaturatzeko. Hala gobernu taldetik gogorarazi dute: “Zerkausian ezohiko salmenta gune bat jartzeko guztia prest genuen, baina kale-salmentarik egin ezin zela jakinarazi bezain laster bertan behera utzi behar izan genuen egitasmoa”. “Beti jardun dugu koherentziaz, zuhurtziaz eta arduraz” gehitu dute. Beraz, egoera berri honetan, larunbatean osasun eta segurtasun berme guztiekin ekoizleen produktuak erosi eta saldu ahal izateko gunea antolatuko du udalak, ekoizleen, baserritarren eta lehen sektorearen alde lanean jarraitzeko helburuarekin.

Bide berrien aldeko apustua mantenduko da:

Etenaldi denbora honetan salmentarako bide berriak martxan jarri ditu udalak baserritarrekin elkarlanean, eta horiek mantendu egingo dira, ezohiko salmenta guneaz gain, ekoizleek beren produktuak saltzeko aukera ezberdinak izan ditzaten.

Larrialdi egoera honetatik haratago, erabateko normaltasunera itzuli bitartean, udalak egitasmo berriak mantendu egingo dituela jakinarazi du. Izan ere, alarma egoera amaitzen denean ezingo dira oraindik larunbateroko azokak normaltasunez gauzatu.

Udala dagoeneko, alarma egoera amaitu ondoren ere bete beharreko arau eta segurtasun neurriak aztertzen ari da, denbora batez, postuen arteko distantziak eta pasabideetako tarteak ezarri beharko direlako besteak beste, eta beraz, Osasun Sailaren eta udaleko prebentzio teknikariaren ikuskaritzaren baitan ari da udala lanketa hori egiten.

Amaitzeko, udal gobernuak eskerrak eman nahi izan dizkie baserritarrei egiten ari diren ahalegin eta lanagatik, “jakin badakigu larrialdi egoera honek gogor kolpatu duela zuen jarduera, baita gure herriko hainbat eta hainbat merkatari, ostalari eta autonomoena ere; horregatik, hasiak gara neurri berriak aztertzen eta horiek elkarlanean eta elkarrekin landuko ditugu, bidelagun izango gaituzuelako aurrean dugun erronka honi aurre egiteko”.

Merkataritza, Azokak eta Turismo saileko teknikariei ere eskerrak eman dizkiete azken aste hauetan egindako lanagatik eta ekoizle zein merkatariekin une oro harremanetan izateagatik, eta bereziki, egoera aldakor honetan, egoerara egokitutako egitasmo berriak lantzen aritzeagatik.

Eta amaitzeko, herritarrei tokikoa babesteko eta kontsumitzeko deia egin diete, orain eta bereziki, datozen hilabeteetan. Baserritarrek, merkatariek eta ostalariek gizarte osoaren laguntza eta babesa beharko dutela nabarmendu dute udal gobernutik eta udaletik ere, eskumenen baitan, laguntza osoa eskaintzeko konpromisoa adierazi dute.