TOLOSA. Koronabirusak eragindako krisialdiak sektore guztiei eragin die zuzen-zuzenean. Horregatik, Tolosako Udalak hainbat neurri hartu ditu, kalteak ahalik eta gehien gutxitzearren. Horietako bat, ekoizleen produktuak eskaintzeko aukera bermatzen jarraitzeko bi egitasmoa martxan jartzea izan da.

BIAK ALA BIAK, ARRAKASTAREKIN

Batetik, etxez etxeko “Azoka, zure etxera” banaketa zerbitzua abiarazi zen, 9 ekoizleren parte hartzearekin. Egun 10 dira atxiki direnak, eta batzeko aukera izango dute gainerakoek ere. Eskariak telefonoz, WhatsApp-ez, emailez edo bestelako tresna digitalak eginez egiten dira, eta etxera banatzen dituzte produktuak, ekoizle bakoitzak zehaztutako egunen arabera.

Bestetik, herriko elikadura dendetan ekoizleen produktuak eskaintzeko aukera zabaldu zen, Tolosa&Co Merkatarien Elkartearen laguntzarekin. Egitasmora batu ez diren dendek oraindik ere aukera dute. Horretarako mezu bat bidali behar da merkataritza@tolosa.eus helbidera.

Herritar askoren babesa jaso dute bi egitasmoek, batik bat, etxez etxeko banaketak. Oso ongi ari da funtzionatzen, eta ekoizleek jaso duten bultzada hori eskertu nahi izan dute, lerro hauen bidez.

AURRERA BEGIRA LANEAN

Bestalde, alarma egoera amaitzen denerako segurtasun neurri berriak zehazteko lanketarekin hasia da udala, Osasun Sailaren eta udaleko prebentzio teknikariaren ikuskaritzaren pean. Izan ere, alarma-egoera amaitu ondoren, zenbait arau bete beharko dira, Osasun Sailak normaltasunera itzultzeko esan arte. Hala nola, postuen arteko distantziak eta pasabideetako tarteak berraztertu beharko dira.

Bien bitartean, etxez etxeko zerbitzua erabiltzea edo herriko komertzioetan erosteko dei egin du udalak.