DONOSTIA. Donostiako Udalak 2018an hasi zuen goranzko joera mantendu du 2019an, udal-hondakinen gaikako bilketaren tasari dagokionez.

  • Hiri-eremuko gaikako bilketaren tasa eta guztizko gaikako bilketaren tasa (hiri-eremua gehi industria- eremua) puntu eta erdi igo dira, eta, beraz, orain %40,3 eta %41,5 dira, hurrenez hurren.
  • Gaika biltzen diren fakzio gehienak handitu egin dira, baina bereziki nabarmentzekoa da bildutako ontzi arinen (+% 7), materia organikoaren (+% 5,8) eta beiraren (+% 4,4) bolumenaren hazkuntza.

Hobekuntza horren arrazoia da, alde batetik, donostiarren ingurumen-kontzientzia handiagoa izatea, eta, bestetik, birziklatzeko edukiontzien hornidura eta banaketa hobetu izana Intxaurrondo eta Amara auzoetan. Aurten, Altza eta Aieteko birziklatzeko irlak egokitu dira eta, hurrengo urteetan, hiriko gainerako auzoetara zabalduko da edukiontzien hobekuntza.

Desberdintasun handiak hondakin-frakzio batzuen eta besteen artean

Hala ere, zenbaki global horiek oso desberdintasun handiak ezkutatzen dituzte hondakin-frakzio batzuen eta besteen artean.

  • Hala, papera eta kartoia dira zaborrontzira botatzeko orduan gehien bereizten diren hondakinak, % 72ko banantze-ehunekoarekin. Ondoren, beira dator, % 70 bereizte-ehunekoarekin.
  • Aldiz, ontzi arinen eta materia organikoaren bereizketa-ehunekoak askoz txikiagoak dira: ontzien % 48 inguru eta sortzen dugun materia organikoaren % 20 baino gutxiago bereizten ditugu.

Materia organikoa hiriko gaikako bilketan sartu den azken frakzioa da, eta Amaran lehenengo edukiontzi marroiak jarri zirenetik hamabi urte pasa diren arren, oraindik Donostiako etxe askok ez dute hondakin hori bereizten. Hori bereziki larria da, hain zuzen, gehien sortzen dugun hondakina delako, eta materia organikoa kudeatzeko aukera zuzenenak gainerako hondakinetatik bereizita biltzea eskatzen duelako nahitaez.

Azkenik, gaikako bilketaren bilakaera positiboa lausotu egin da, 2019an sortutako hondakinen bolumen osoa hazi egin delako, 2018an baino %0,8 gehiago. Beraz, urrun gaude 2020an 2010arekin alderatuta %10 murrizteko helburutik.