DONOSTIA. Hurrengo larunbatean gauean, otsailak 1, Donostiako Alde Zaharreko kaleetan, 19 tribuetako 400 lagunek zartaginak joko dituzte, Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionalak egongo baitira bertan Gipuzkoako hiriburuko kaleak girotzen. Ekitaldia gaueko 21:30ean hasiko da.

Konpartsa tradizionalak, gainera, gaueko 22:00etatik aurrera ezarriko du bere kanpalekua Konstituzio plazan, eta han Konpartsaren Erreginak hitzaldi bat emango dio Donostiako herriari, eta errepertorio guztia interpretatuko du.

Konpartsa tradizional horrek Alde Zaharrean egiten duen desfileaz gain, kaldereroak Gros, Erdialdea, Egia, Amara Berri, Amara, Herrera, Antigua edo Loiola auzoetara ere iritsiko dira, hainbat ikastetxe eta elkarteri esker.

Inude eta artzainak

Kresala elkarteko "Inude eta artzaiak" konpartsaren txanda igandean iritsiko da. Hiriaren alde zaharretik ibiliko da 12:00etatik aurrera. Konpartsa hau 180 parte-hartzailek osatzen dute (90 emakume eta 90 gizon) eta The Joselontxos´s txaranga izango du lagun.

Ohikoa denez, goizean zehar hiru konpartsa gehiago ibiliko dira Gros, Amara eta Antigua auzoetan.

Kepa Madariagari omenaldia

Aurten, Groseko kaldereroen konpartsak omenaldia egingo dio udan hil zen Kepa Madariaga presidente zenari. Ekitaldia larunbatean bertan izango da, 19:15ean, Txofre plazan. Omenaldi honetan, Axular ikastolako dantza-taldeak Joxemari Oiarzabalek idatzitako konposizio bat dantzatuko du, eta konpartsaren abesbatzak Madariagari eskainitako bertso bat abestuko du, "Begi urdin bat" abestiaren moldaketa batean.