DONOSTIA. Urgull mendia Donostiak eta Gipuzkoak daukaten tokirik esanguratsuenetariko bat da. Urtero, milaka eta milaka pertsonak hara jotzen dute egun pasa, turismoa erakartzeko leku ezinhobea baita. Horregatik, bertakoei zein turistei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko, Gobernu Batzordeak Urgull mendiko zerbitzuak berritzea ahalbidetzen duen proiektua onartu du. Honen xedea ur-hornidura eta zerbitzu-sarea berritzea da, komunak irekitzeko.

Halaber, saneamendu-sarea egingo da, eta sare hori parkearen eraikin esanguratsuenetara bideratuko da, hain zuzen ere, Motaren gaztelura, Natur Txokora eta tabernara. Saneamendu-sarea hiriaren sarera lotuko da eta, ondorioz, egun dauden ingurumen arazoak konponduko dira.

Era berean, proiektuak argindarra-sarea berrituko du eta potentzia gehiago emango dio. Ondorioz, Hiriaren Museoan haize girotua jarri ahal izango da, eta argindar publikoa zein apaindura-argindarra berrituko da.

Gainera, proiektuak aurreikusten du garbiketa automatikoko komuna jartzea iturriaren eremuan, parkearen erabiltzaileei zerbitzu emateko.

Proiektuak milioi bat euroko aurrekontua du eta lanak sei hilabetez luzatuko dira.

Zubiaurre pasealekuko pasabidea

Tokiko Gobernu Batzordeak Urbycolan enpresari esleitu dio Zubiaurre pasealekuko pasabidea ordezkatzeko proiektuaren lanak. Kontratuaren esleipen-prezioa 196.869 eurokoa da, eta lanen iraupena 12 astetakoa izango da.

Proiektu honen helburua da, trenbidea gainetik gurutzatzen duen hirugarren pasabidea aldatzea. Beste biak 2015 eta 2016 urteetan aldatu ziren, eta azkenekoa, Garro zubitik gertu dagoena, hurrengo asteetan aldatuko da.