Urte hasi berrian aukeratuko duten Frantziako estatuko gizon ederrena euskal hiztuna izan liteke. Hori gertatuko litzateke Ipar Euskal Herriko ordezkaria lehen postuan sailkatuko balitz gaur bertan Parisen ospatuko den Mister Frantzia lehiaketan.

Izan ere, joan den azaroaren 16an Joseba Istèque biarriztarra izendatu zuten Iparraldeko mister eta berak ordezkatuko du Euskal Herria Frantziako hiriburuan. "Biarritzen egin zen proba irabazi nuelarik pozik nintzen. Ene izena entzun nuelarik poztu nintzen arrats horretan familia ondoan nuelako eta hurbilekoek ainitz sostengatzen nautelako", dio 28 urteko lapurtarrak.

Aitak proposaturik Mister lehiaketa ospetsuan parte hartzea erabaki zuen duela sei hilabete. "Zergatik ez, pentsatu nuen. Fisiko ona, itxura atsegina ukan behar da eta ezagutzak ere kultura orokorrari buruzko galderak egiten dizkigutelako".

Gisa horretako edertasun lehiaketek sor ditzaketen polemiken eta kritiken aurrean biarriztarrak argi dauka nondik datorren, non dagoen eta nora doan. "Badut mezu bat emateko jendeei kirolari buruz. Ongi sentitzeko garrantzi-tsua da egun guziz mugitzea eta ongi jatea, elikadura zaintzea. Nik hori egiten dut baina egia da noizean behin gustatzen zaidala asko jan eta edatea. Euskalduna naiz eh! (irriz). Dena den, gehienetan kasu egiten dut", dio ikasketak Seaskaren ikastoletan egin zituen gizon gazteak. Sustraiak Bidarrai eta Baigorrin dituen kirol irakasleak Okzitaniako Tolosan lan egiten du gaur egun eta joan etorrian dabil hiri hori eta Biarritze artean.

Eguberriko bestak bukatu bezain laster Parisera joa da Joseba. "Bost egun izan ditugu prestatzeko eta denera 28 gizon ariko gira nor baino nor. Ni ez noa borrokatzera baina momentu ona pasatzera. Giro hori ezagutu nahi nuke, jokoa da neretzat, ez da lehiaketa, bertara noa plazerra hartzera", dio jantzi dotore batekin, bermudarekin eta ia larru gorritan boxer soil batekin desfilatu beharko duen euskaldunak.

Publikoak babesa eman diezaioke jadanik Internet bidez bere alde bozkatuz. Ez omen du ezer ikasi lehian sartzeko eta telebistan modeloei ikusitakoa errepikatzen saiatzen dela adierazi du Biarri-tzeko Urte Eroak jaialdiaren desfilean parte hartu ohi duen gazteak. "Ongi da lehiak izatea bizian hein batean handitzeko, aitzina joateko. Gustatzen zait urtero erronka bat finkatzea", dio irria ezpainetan.

Sekreturik ote daukan galdetuta Josebak argi du: "Norbera dagoen bezala agertu behar da, gu geu garen bezalakoak, besterik ez. Zu izan behar zira, sinpleki!"