DONOSTIA. Aurreko edizioetan izandako arrakasta kontuan izanda, San Silvestre Donostiarraren antolatzaileek plaza kopurua gehitzea erabaki dute. Horrela, iaz egon ziren 4.500 plazetatik aurten egongo diren 4.800 plazetara pasatuko dira. Aurtengoa 35. edizioa izango da, eta 3.500 pertsona inguru inskribatu dira jada.

Ordaindu beharrekoa izena emateko

  • Abenduak 28 arte, 12€
  • Abenduko 29tik 30 arte 17€
  • Dortsalak Amara kaleko frontoian jasoko dira, abenduaren 29 eta 30an (Igandea eta Astelehena) 11:00 - 19:30 ordutegian. Lasterketaren egunean ezin izango da inskribatu.
  • Arropa-jasotzea 14:00etatik aurrera hasiko da, Easo plazan. Eguraldi txarreko iragarpena izanez gero, zerbitzu hau Amara kaleko frontoian eskainiko da.

Lasterketa 16:00etan hasiko da. Plaza Easotik abiatu eta San Martín kaletik eta Mirakontxa pasealekutik Antigua auzorantz joango da errepidez, eta, tunela zeharkatu ondoren, Satrustegi eta Eduardo Chillida pasealekuetatik Ondarreta hondartzara iritsiko da. Handik, Ondarretako eta Kontxako pasealekuak zeharkatuz. Ohikoa den moduan, argazkirik ikusgarrienak Parte Zaharrean hartu ahal izango dira, eta Portaletatik sartuko da lasterketa auzo horretara.

Santa Mariaren parean DJ bat izango da, lasterkariak animatzeko.

Iaz bezala, lasterketa Gros auzora iristean, Kursaaleko kuboen ondoan egingo da itzulera Bulebarrerantz, eta Easo plazan amaituko da lasterketa. Plazan freskagarriak eta fruta eskainiko zaizkie parte-hartzaileei. Aurten ez da plastikozko poltsarik emango anoa-postuetan, eta gaikako bilketarako edukiontziak jarriko dira. Helburua da urtez urte plastikoaren erabilera murriztea, guztiz baztertzeko aukera izan arte.

Kontxako kabinak erabiltzeko aukera izango da, dortsalaren zenbakia erabiliz.