BILBO. Hasitako ibilbideari jarraipena emateko asmoz, euskara gizartearen esparru guztietan hazteko “bide berriak” aurkitzeko beharra aldarrikatu zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu zen ekitaldian. Bide berriak, modu berriak lelopean, lehendakariak azken hamarkadetan euskararen sustapenean egindako ibilbidea aitortu nahi izan zuen, nabarmenduz bide berriak lan-mundutik hasi eta aisialdiaren esparruraino hedatu beharko liratekeela, kultura-sorkuntza atzean utzi gabe.

Bere hitzaldian, gizartearen atxikimendua nabarmendu zuen euskararen sustapenaren oinarri nagusi gisa: “Euskal gizarteak hautu bat egin zuen aspaldi eta aldiro berretsi egiten du: euskara bizi-bizirik nahi dugu gaurko eta biharko gizartean. Garenaren parte garrantzitsua delako, aberasten gaituelako, euskarak gehitu egiten duelako, inoiz ez kendu? Euskarak, bere txikitasunetik eta bere neurrian, mundua aberasten du, anitzago egiten du? Ibilbide bat egin dugu, ibilbide horri jarraipena ematea dagokigu”.

Atxikimendu horren erakusle izan zen Ilaski Serranok eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako ekitaldian zehar, enpresa, kultura, kirol edota ikerketaren arloko hainbat ordezkarik hartu izana. Zuzenean edo bideoen bidez, berretsi egin zuten euskara arlo guztietan susta-tzeko beren apustua. Halaber, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, Eudelek eta UEMAk Euskararen Nazioarteko Egunaren harira adostutako adierazpena irakurri zuten ekitaldian. Joan den ostegunean argitaratutako agiri horretan, erakundeen eta euskararen aldeko gizarte ekimenaren arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten, baita euskararen aldeko bultzadan gizartearen atxikimenduak duen garrantzia ere.

Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu bildu zituen ekitaldian izan zen emanaldietako bat Eider Etxeandia abeslariarena izan zen; Lauaxetaren Bide barrijak obran oinarritutako bertsioa egin zuen, eta lehendakariak erreferentzia hori baliatu zuen etorkizunari begiratzeko: “Etxeparek orain bost mende eskatu bezala, euskaldunok bide luzea dugu egina euskara duintasun osoz plaza eta eremu guztietara eramateko. Lauaxetak orain dela ia mende bat proposatu legez, Eider Etxeandiak gogoratu bezala, bide berriak hartuko ditugu unean uneko egoerari ahalik eta egokien erantzuteko”. Zentzu horretan, Euskaraldiaren garran-tzia ere azpimarratu zuen.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkun-tza Politikako sailburua eta Kike Amonarriz arduratu ziren Euskaraldiaren bigarren edizioa zertan da-tzan azaltzeaz. Duela urtebete, lehen edizioan, 225.000 pertsona inplikatu ziren euskararen erabilera bultza-tzen. Nabarmendu zutenez, bigarren edizioak, lehen edizioak bezala, banakako inplikazioaz gain, erakundeen eta kolektiboen parte-hartzea ere bilatuko du. Ekitaldia Itzoizen Lau Teilatu abestuz amaitu zuten.