BILBO. UPV/EHUko ikerlari talde batek saguzarrak, euren elikadura dela eta, pinu-beldarrez eta mahastiei eragiten dieten izurriez elikatzen direla frogatu du. Hori guztia deskubritu duen taldea Jokabide Ekologia eta Eboluzia Saguzarretan taldea izan da, eta bi ikerketa behar izan ditu konklusio horretara heltzeko.

Pinu-beldarra eta beste intsektu-mota batzuk kezka-iturri dira, garai honetan, ez bakarrik nekazarientzat eta lehen sektorearentzat, zeini zuzenki eragiten baitiete, baizik eta gizarte osoari oro har. Munduko nekazaritzako ekoizpenaren % 20-50 suntsitzen dute izurriteek, eta galera ekonomikoak oso garrantzitsuak dira. Hori dela eta, buruhauste ugari dituzte profesionalek intsektu-mota horiei aurre egiteko inbertsioekin eta irtenbideak bilatzeko egin beharrekoekin.

Joxerra Aihartzak, Inazio Garinek, Urtzi Goitik eta Unai Barojak osatzen duten UPV/EHUko ikerketa-taldeak egin duen azterketa batek frogatu du gure artean bizi direla izurrite horien harrapakari naturaletako batzuk: saguzarrak.

ESPEZIE ASKO EHIZATZEN DITUEN ESPEZIEA

2017ko apirilaren amaieratik irailera arte, ikerketa-taldeko kideek aldian-aldian bildu zituzten, modu ez-inbasibo batean, Arabar Errioxako mahastizaintza-eskualdeko zenbait koloniatako saguzarren gorotzak.

“Hartutako laginen analisi genetikoak aukera eman digu ikusteko nekazaritzako eta basozaintzako 55 izurri-espezie zeudela ferra-saguzar txikien gorotzetan, eta jotzen da haietatik 25 laborantzarako garrantzitsu izan daitezkeela”, dio Unai Baroja UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile eta artikuluaren egileak. Emaitza horiek aditzera ematen dute eskualdeko izurrite garrantzitsuetako ugariz elikatzen direla saguzarrak, eta izurriteen erregulatzaile gisa duten funtzioa nabarmentzen.

ESPEZIE BERA EHIZATZEN DUTEN ESPEZIE ASKO

Bigarren ikerketa Iberiar Penintsulako hainbat baso-eremutan egin dute, eta pinu-beldarra izan du ardatz. Pinu-beldarraren larbek pinuei, izeiei eta zedroei eragiten diete batez ere. Ikerketa honek nabarmendu du zenbaterainoko gaitasuna duten ugaztun hegaldun hauek izurrite hori erregulatzeko. Pinu-beldarrak zuhaitzei eragiteaz gainera, oso arriskutsua da gizaki eta animalientzat; izan ere, beldarren bilo erresumingarriek narritadurak, erreakzio alergikoak edota arnasbideetako arazoak eragin ditzakete.

Aurreko lanean ez bezala, ikerketa honetan, gorotz-laginak hartzeko sare berezien bidez harrapatu behar izan zituzten saguzarrak eta, gero, oihalezko zakutxo txiki batzuetan sartu. “Bitxia dirudien arren, hala saguzarrak lasaitu egiten dira, iluntasunak eta babesak seguru sentiarazten baititu. Lasaitzen direnean, kaka egiten dute eta laginak jaso ditzakegu. Gero, askatu egiten ditugu, batere kalterik eragin gabe”, azaldu du Barojak. Kasu honetan, 10 saguzar-espezieren dieta aztertu zuten, eta ikusi zuten 7 espeziek jan zituztela pinu-beldarrak.

Bi ikerketa hauek bide berriak zabaltzen dituzte izurriteei aurre egiteko bestelako irtenbide naturalak erabiltzeko: saguzarrak kontserbatzeko ekintzen bidez, produktu agrokimikoen erabilera murriztea lortzen da. “Halako produktu kimikoak kaltegarriak dira, zuzenki eta zeharka, bai ekosistementzat bai gizakientzat; gainera, gero eta izurrite-espezie gehiago dira haiekiko erresistenteak, eta, beraz, nahitaezkoa da ingurune naturala errespetatuko duten alternatibak bilatzea”, ohartarazi du Barojak.

Barojak, halaber, ugaztun horien fama txarraren aurkako aldarria egin du: “Munduan 1.300 saguzar-espezietik gora daude erregistratuta, eta haietako gehienak dira intsektujaleak. Espezie bakarra elikatzen da ugaztunen odolaz, eta oso gutxitan, gizakien odolaz (Amerikako espezie bat da). Funsgabea da, beraz, animalia hauen fama txarra. Alderantziz, oso beharrezkoak dira gure ekosistemaren orekari eusteko, eta aurre egiten diete laboreak eta basoak suntsitzen dituzten intsektu-izurriteei; beraz, aukera errentagarria dira, eta batere toxikoa”.