donostia - Gaztelaniatik euskarara zein euskaratik gaztelaniara “kalitate handiko” itzulpenak egiten dituen Itzultzaile Automatiko Neuronala aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak Donostian.

Adimen artifizialetik abiatuta herritarren erabilerarako sortutako proiektu praktiko hau jada aurkitu daiteke sarean bere beta bertsioan. Modu honetan, hiritarrek itzultzailea bera probatzeko eta, hartara, trebatzeko aukera izanen dute hilabete batzuen buruan behin betiko bertsioa eskegitzen den arte (www.euskadi.eus/itzultzailea da unean uneko domeinua). Oro har, ez du inolako konplexutasunik, sistema sinple baten baitan garatu delako: erabiltzaileak itzulpenaren norabidea aukeratzen du, ostera testua prestatutako gunean sar-tzeko. Hori egindakoan, itzuli botoia sakatuz, itzulpena eskura izango du hiruzpalau segundutan; asko jota 4.000 karaktere dituzten testuak itzul ditzake erabilera bakoitzeko itzultzaile berriak.

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, makina baten itzulpena gainbegiratu eta zuzendu behar dela gogoraraziz, tresna berri honen jomuga nagusia zein den azaldu zuen: “Laguntza-tresna da, eta laguntza-tresna moduan erabili behar dugu. Beste hizkuntzetako itzultzaileren bat erabili duenak badaki nola erabili horrelako tresna bat. Orain arte egondako sistemekiko aldea da neuronalek testu koherenteak eta irakurtzeko errazak egiten dituztela. Hala ere, aipatu behar da batzuetan akatsak egin ditzaketela. Hortaz, arretaz gainbegiratu behar da makinak egindako itzulpena. Helburua ez da, inola ere, itzultzaileak ordezkatzea, baizik eta punta-puntako laguntza bat eskaintzea bi hizkuntzetan aritzen direnei, lan-munduan, arlo akademikoan eta abarretan”. Gutxienez, azaldutakoaren harira badirudi azkeneko urteotan indarrean egon den itzultzaile automatikoa baino eraginkorragoa izango dela. Azken hau testu laburrak itzultzeko bideratuta zegoen, ulergarritasun eta zuzentasun aldetik traba asko aurkezten zituelarik. “Gramatikan eta analisian oinarritutako itzulpenak onak, zuzenak, direnean, badute halako kutsu ortopedikoa. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurtzen dira, koherentzia dutelako eta esaldiaren barruko elementuen arteko lotura ondo mantentzen dutelako”, gaineratu zuen Zupiriak.

Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak plazaratutako itzultzaile berri hau ez da euskarazko aurreneko itzultzaile neuronala. Iaz, Elhuyarrek eta Mondragon Linguan Modela jarri zuten martxan. Oraindik ere ikusteke dago zein den eraginkorrena, baina tartean ageriko ezberdintasun bat dago bien artean: Itzultzaile Automatiko Neuronala bere osotasunean doakoa den aldetik, Modela freemium da; hau da, hilean orotara 2.000 hitz itzul daitezke dohainik, kopuru hori gainditzen den momentuan ordaintzeko beharra agertuz.

Erronka teknologiko-digitala “Aurrean dugun eraldaketa sozialaren gakoetako bat erronka teknologiko-digitalari erantzutea da. Eta erronkan dago aukera: eraldaketa digitalaren boterea baliatzea, izan nahi dugun gizartea bilakatzeko”, adierazi zuen Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, adimen artifizialaz hausnartzerako orduan. Kaleratu berri den itzultzailearen antzerako sistemak azken hiru urteotan erabiltzen hasi dira modu eraginkor batean Zupiriaren esanetan. Eta Eusko Jaurlaritzak kaleratutakoa hainbat urtetako lanaren ondorio zuzena da. Gainera, 20 urtez IVAP-ek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bildutako itzulpen-memoriak erabiliz hobetu da. Bidean hartutako esperientzia hori itzultzailea garatzeko azpimarratzekoa izan dela ziurtatu zuen Erkorekak: “Euskadin esperien-tzia handia dugu itzulpengintzan, bereziki euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpenean. Munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzek baino ez dute Euskadin dugun terminologia- eta hizkuntza-oinarria. Gainera, Herri Arduralari-tzaren Euskal Erakundeak 20 urte daramatza itzulpen-memoriak sor-tzen. 10 milioi segmentu baino gehiago dituzten datu-baseak ditugu, itzulita, berrikusita eta eguneratuta. Balio kalkulaezina duen itzulpen sistematikoko corpus bat dugu. Eta horrek ahalbidetu du lortu den emaitza: Quantum hori hartu eta algoritmo bat aplikatu diogu, kalitate-maila altua duen itzultzaile bat eskuratuz. Jauzi kualitatibo argia eman dugu”.

Horrelako itzultzaileak etengabeko ikasketa prozesuan daude. Horretarako, kalitatezko itzulpen-memoriak behar dituzte (kalitatea ematen hasteko 3 milioi itzulpen-unitate behar dira). Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta Herri Ardularitzaren saila) elkarlanean aritu dira Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin eta hizkuntza lantzen duten EITB bezalako beste erakunde batzuekin.