Irundik Baiona, Donibane Garazi edo Mauleraino joan liteke garraio publikoa erabiliz Ipar Euskal Herriko Elkargoak sortu duen Txik Txak deitutako sareari esker. Asmatutako zerbitzu berriak eta lehenago zeudenak uztartu dituzte herritarren mugikortasuna erraztu, eguneroko iladak murriztu eta benetako alternatiba eskaintzeko.

Gaurtik, adibidez, %50eko deskontuak izanen dituzte hilero hogei joan etorri egiten dituztenek Ipar Euskal Herriko autobideetan, Ondres eta Biriatu artean, eta Gixunetik ere bai. A64 eta bereziki A63 saihesbide moduan erabili nahi ditu elkargoak Baionaldeko karriketan dauden ibilgailuen mugimenduen kopurua muga-tzeko egunero metatze handiak sortzen direlako. Izan ere, egunero 25 000 ibiligailu dabiltza Lapurdiko hiriburuan eta udan 40 000 izaten dira. Elkargoak eta Vinci enpresak lortu duten hitzarmenari esker harpidetza berriak eskainiko dituzte eta gisa horretan autobidearen kudeatzaileak %30eko deskontua eginen du, orain arte bezala, bere aldetik erakunde publikoak beste %20 bere gain hartuko duelarik. Horretarako urtean 650 000 euro emanen ditu mahai gainean elkargoak. “Aspaldiko ametsa da, iraultza eta erabaki historikoa. 2014eko herri hauteskundeetan hitz hori eman genuen eta hitza bete dugu”, dio Claude Olive Angeluko auzapezak. “Ez du dena konponduko baina erantzunen artean bat da, eta Baionako erdialdean %30 apaltzen ahalko luke trafikoa”. Oposizioak uste du ibilgailuen erabilera handitu nahi duela elkargoak. Udaberrian deskontuak %70ekoak izanen dira erabiltzaile desberdinek kotxe bakarra hartzea erabakitzen badute eta hori egin ahal izateko zaindutako lau aparkaleku eraikiko ditu elkargoak autobideen irteeren ondoan.

Elektrikoak Baionarren mugikortasuna hobetzeko Portu I on-tziak Aturri ibaiaren bi aldeak lo-tzen ditu ordu laurden oro goizeko 9:30 eta 12:30 artean eta arratsaldeko bietatik seiak arte. 2017ko irailetik, aldi oro, 45 lagunek dohainik egin dezakete hiru minutuko bidaia San Espiritu eta Baiona Handia artean eta jadanik arrakasta handia lortu du. Bestalde, txirrindula eta autobus elektrikoen zerbitzuak eskaini berri dituzte ere. Egunero 13.000 bidaiari pasa hartzen ditu Baionaldean dabilen trambus berriak, lehen zebilen autobusak baino askoz gehiago. Bidaiak gero eta laburragoak dira eta laster denbora gehiago irabaziko dute azken lanak bukatuko direlarik Baiona etorbidean eta Jean Léon Laporte karriketan. Trambusaren lehen lineak Baionako iparra eta Miarritzeko herriko etxea lotzen ditu, eta bigarren linea martxoan ezarriko dute martxan, Tarnose eta Baiona hegoaldea artean. Trambusaren estrenarekin inguruan dauden autobus linea guztiak bermoldatu dituzte Baionaldean eta lehen aldiz zerbitzua eskaintzen hasi dira Milafranga, Mugerre edo Arrangoitze bezalako hirietan. Loturak daude ere Donapaleu edo Maulera joateko Amikenpere arteko autobusak Ezpeletaraino doaz orain eta loturak daude Kanbo eta Baionaraino joateko. Xehetasun gehiago www.txiktxak.fr webgunean aurki daitezke.

Bestalde, Baiona eta Donibane Garazi artean dabilen trenaren zerbitzua hobetuko dute abenduan. Gaur egun zortzi tren dabiltza bi hiriburuen artean baina laster hamasei izanen dira Kanbon bigarren trenbidea eraiki baitute.