BILBO. Ingenieritza Zibileko Graduko 50 ikaslek bisitatu egin dituzte URAk Zallan Kadagua ibaiaren uholdeei aurre egiteko lanak. UPV/EHUk Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan eskaintzen ditu ikasketa hauek.

Bisita honen xedea izan da ikasleei aukera eskaintzea bertatik bertara ezagutzeko ezaugarri hauetako obra batean uztartzen diren eraikitzeko aukera teknikoak, eta horiek duten helburua: populazio-dentsitate handia duen hiri-inguru hau babestea, berez emari handikoa den Ibaizabal bezalako ibaian, aldian-aldian, naturalki ematen diren ur-goraldietatik.

Etorkizuneko UPV-EHUko ingeniariak, Marcos Larrauri irakaslearekin batera, obrak ezagutu ahal izan dituzte honako hauen laguntza eta azalpenekin: Marian Alonso, Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoko bulego-burua, Aitziber Urquijo, URAko lanen arduraduna eta obraren zuzendaria, eta, azkenik, Eduardo Miguel, Viuda De Sáinz obraren enpresa esleipedunaren ordezkaria .

Ikasleek praktikan ikusi ahal izan dituzte ondorengo gaiekin loturiko ezaugarriak: zimendatzea, egitura, itxiera, instalazioa, geologia eta obraren zuinketa. Horrekin batera, zuzenean ezagutu dituzte burututako ekintzen arrazoiak.

URAk berriro lizitatu ditu Zallako El Charco-ko zubitik ibaian gora uholdeei aurre egiteko lanak, San Pedro auzoan den FEVE-ko geralekuko parerainoko tartean, 660metroko tarte batean, 4,2 milioi euroko lizitazio-aurrekontuarekin. Hasierako lan-proiektua aldatu behar izan zen; izan ere, lanon eremua atontzeko lanak egitean, zoru kutsatuekin egin zen topo, eta horien kudeaketa ere aurreikusi behar izan zen orain lizitatzen den behin betiko proiektuan; ondorioz, lan proiektua nabarmen aldatuz.

Lanok ur-goraldien emariei eusteko ibilgu bat sortuko dute, 25 eta 55 metro arteko zabalerakoa, gutxi gorabehera. Halaber, ibilguaren eta ibaiertzen paisaia eta ingurumena lehengoratzen dira (aipatutako zoru kutsatuen kudeatzea barne): tartean egun egoera onean den galeria-basoari eusten zaio, eta ibaiaren egoera hobetuko duten ibaiertzeko tokiko landaredia landatuko da.

Lanok, Zallan, Mimetizen, Cadagua ibaiaren ur-goraldi errepikakorrak aiseago jariarazi eta, hortaz, pertsonon segurtasuna handituko dute jada abian diren beste lanekin batera: Aretxagako zubiaren ordezkatze-lanak (ibilguan oinarririk gabeko 41 metro zabalerako zubi berriaren lanak burutzear dira) eta Aretxagako ebakidura egiteko lanak (alegia, udal kirol azpiegitura eta Aretxagako eremuaren artean Cadaguaren meandroaren ebakidura da: Zallako belodromo ohiaren eremua zeharkatzen du, eta ur askoko sasoietan bigarren ibai-ibilgu legez jardungo da, emari oparoei leku egiteko).

Ekintza sorta horrek 100 urteko errepikatze-denboraren goraldien ur-laminaren maila jaitsarazten du; hartara, Cadagua ibaiaren goraldi errepikakorrek San Pedro auzoaren pareko meandroan, herrigunean, zein El Carmen auzoan ezkerreko ertzeko lurzoruetan zabaldu ez daitezen.