Bizi osorako espetxe zigorra eman zioten atzo Cédric Bernasconi eskizofrenia jasaten duen 40 urteko etxerik gabeko giza semeari duela bi urte Mélodie Massé bortxatu eta hil zuelako Uztaritzen (Lapurdi). Fiskalak zigor hori eskatu zuen samin handia eragin zuen hiltzailearen aurka. Kartzelatik noizbait aterako balitz hamar urteko justizia kontrola jarriko liokete atzo Paueko auzitegian jakin zen epaiaren arabera.

Duela bi urte, medikuntza ikasten ari zen emakume gaztea erasotu, jo, bortxatu eta ito zuela aitortu du egunotan Biarnoko hiriburuan egin den epaiketan. Biktimak 23 urte besterik ez zeuzkan eta baziren zortzi hilabete haurdun zegoela.

Bi bortxaketen artean kafea eta wiskia edan eta telebista bat hartu zuen erasotzaileak. Mélodie ito ondoren, eztarrian azpiko jantzia jarri ondoren, hiltzailea hiru orduz egon zen etxe barruan biktimaren mutil laguna agertu arte, eta orduan erabaki zuen ihes egitea. Emakume gazteak odola eta kolpeak zituen aurpegian eta besoetan, sudurra hautsia zeukan eta eskuak lotuta bizkarrean.

Aste osoan auzian parte hartu duten abokatuek adierazi dute ez dutela inoiz horrelako sarraskirik ikusi. Hilketaren bezperan hiltzailea Uztaritzeko etxetik hurbil ibili zela eta, biktimaren senideen abokatuak uste du Bernasconik aurretik prestatu zuela erasoa. Eskizofrenia jasaten du eta duela bi urte tratamendu guztiak uztea erabaki zuen.

Istiluak eta lapurketak Etxea utzi zuen kalean bizitzeko eta hainbat kalapita eragin zituen toki publikoetan. Lapurketa batengatik hilabete bateko kartzela zigorra egin zuen eta, beste behin, erietxera eramaten zutela anbulantziatik ihes egitea lortu zuen. Aztertu zuten medikuek argi utzi dute bere jarrera ez dela erabat normala baina ez duela zentzua osoki galdu. Auzian jakin da bazirela hamar urte ez zuela harreman sexualik eduki eta zenbait katuen inguruan mugatzen zela bere bizi afektiboa. Hilketa egin ondoren, bere katuak ikustera joan zen Bernasconi. “Munstro hutsa zara”, bota dio aurpegira Mélodieren lagun batek. Erasoa baino lehen elkarrekin solas egin zuten bi emakume gazteek.

“Argia zen eta bere amets bakarra erizain bilakatzea zen. Bihotz onekoa zen eta bide bat hautatzen zuelarik indar guztiak egiten zituen hori lortzeko. Bizi osoa aurrean zeukan pozik izateko”. Gisa beren hitz egin zuen Mélodieren ahizparen senarrak. “Nire emaztea eta Mélodie oso hurbilekoak ziren. Biek alaba izan behar zuten, proiektu asko genuen elkarrekin”, gehitu zuen.

“lehenago heldu behar” “Haiekin hil naiz” bota zuen biktimaren mutil lagunak. Aita izan behar zuenak neska laguna eta alaba galdu zituen 2017ko irailaren 13an.

“Goizean berean erietxean egon ginen azken azterketak egiteko eta dena ongi zegoen. Errudun senti-tzen naiz afaltzera itzuli behar bainuen baina lagun batekin egon nintzen Donibane Lohizunen uhain onak zeuden eta surfa egiteko”, azaldu zuen auzi garaian gaur egun Parisen bizi den alargunak.