Bilbo - Iñigo Muguruza musikari irundarra atzo hil zen 54 urte zituela esklerosi anizkoitzak jota. Negu Gorriak, Kortatu edo Joxe Ripiau musika taldeetako kidea Euskal Herriko rockaren historian ardatz izan zen 80. eta 90. hamarkadetan.

1964an jaioa, hogei urte zituela bere anaia Fermin Muguruzarekin Kortatu taldea sortu zuen, lau diska kaleratuz, bertan Sarri sarri, En la línea del frente edo A la calle kanta ospetsuak sortu zituztelarik. Hasieran, gaztelera hutsez egiten zuten arren, azken disketan euskara oso presente izan zen. Ondoren, 90ko hamarkadan gitarra jole gisa Delirium Tremends taldean murgildu, eta rock eta ska soinuetatik haratago zihoan Negu Gorriak talde mitikoa sortu zuen; berriro ere bere anaia Fermin Muguruzarekin batu, eta taldean Kaki Arkarazo ere aritu zen. Hala, Gora herria, Sexu makina edo Nahi duzuena kantekin izugarrizko ospea lortu zuten talde honekin, bai Euskal Herrian, eta baita nazioartean ere.

Baina 14 urterekin Desband taldean bere ibilbidea hasi zuen Iñigo Muguruza ez zen musikatik aldendu, Joxe Ripiau eta Lurra (2011n, bere azkenaurreko proiektua izango zena) taldeetan murgildu baitzen hurrengo urteetan. Oraingoan, Joxe Ripiau taldean, bere anaia Jabier Muguruza eta Sergio Ordoñezekin aritu zen eta Negu Gorriak desagertu baino lehen sortu zuen taldea. Orotara, lau urteko ibilbidea izan zuen Joxe Ripiau taldeak; 1996an jaio, eta 2000an eten baitzuten ibilbidea. Horietan guztietan abeslari, gitarra jole eta bajista gisa jardun zuen; sei taldetan ibili ostean ehun mila diska baino gehiago saltzea lortu zuen Iñigo Muguruzak.

Esklerosi anizkoitza 2015ean esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenean musika uztea erabaki zuen irundarrak, baina bere ibilbidea ez zen bertan amaitu, izan ere orain dela bi urte, 2017an, berriro igo zen oholtzara bere azken taldea izango zen Hiru Leikerekin, Muguruza bera gitarra jole, eta Ane Odriozola abeslari gisa jardun zutelarik.

Atzo, heriotzaren berria aditzera eman zenean, milaka izan ziren sare sozialetan emandako doluminak; Fermin Muguruzak berak, hiru anaien erdikoak, “Agur Iñigo. Horrenbeste maite zintudan... laster arte anaia, lagun. Gora bizitza! Gora Iñigo Muguruza!”, mezuarekin agurtu zuelarik atzo zendu zen Iñigo Muguruza.

Musikarien familia Hiru anaietako txikiena, musika beti izan zuen presente Iñigok; Muguruza abizenak euskal rock musikaren historian bidea gidatu zuen laurogei eta laurogeita hamargarren hamarkadetan. Bere anaiekin Kortatu, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau taldeak sortu zituen arren, Muguruza familiako kidea beste kultur arloetan murgildu zen ere; hala nola komikigintzan, laburmetrai baten egiletzan edota antzerki obra baten sorkuntzan, musika bere bizitza osoan zehar oso presente izan zen arren.