BILBO. Europako Abiadura Irristaketako Txapelketa Iruñean ospatzen da irailaren 1era arte.17 herrialdetako 280 irristalarik parte hartzen dute txapelketan.Lasterketak Antoniuttin berritutako pistan, Txantrea KKEn eta Ziudadelan izango dira.

Europako Abiadura Irristaketako Txapelketari hasiera emateko ekitaldia Txantrea KKEko pistan eginen da igandean, abuztuak 25, 20:00etan, eta sarrera doan izanen da. Pista horretan eginen diren lasterketetarako hainbat eguneko abonamendua erosi dutenek harmailetan jartzen ahalko dira. Pista-probak abuztuaren 26tik 28ra izanen dira; zirkuitu-lasterketak, aldiz, abuztuaren 30ean eta 31n, eta maratoia, irailaren 1ean.

17 herrialde parte-hartzaile

Herrialde hauek hartzen dute parte: Austria, Belgika, Kroazia, Txekiar Errepublika, Danimarka, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Holanda, Polonia, Portugal, Eslovenia, Eslovakia, Espainia, Suitza eta Erresuma Batua. Ekimen honen antolatzaileen jomuga da hirian irristaketan aritzea bultzatzea, Iruñean ongi errotutako kirola baita. Txapelketa honi esker kirol-modalitate honetan aritzen diren haur, gazte eta heldu askok, bai eta hurbildu nahi duen edonork ere, aukera izanen dute espezialitate honetako Europako kirolaririk onenak ikusteko, eta horrek motibatzen ahalko ditu kirol honetan trebatzen hasteko edo jarraitzeko. Uneotan, Nafarroako Irristaketa Federazioak mila lagunetik gora ditu federaturik.

Txapelketan lehiatuko direnen artean Ioseba Fernández dago, goi-mailako txapelketa ofizialei sorterrian agur esanen diela iragarri duen irristalaria. Iazko Europako Txapelketan hainbat domina eskuratu zituen senior kategorian: urrezko hiru (500 metroko esprinta taldeka, 200 metroko esprinta eta esprint-itzulia) eta zilarrezko bat (300 metroko erlojupekoa). 2018an ere, Munduko Irristaketa Txapelketan, berriro lortu zuen urrea 100 metroko erlojupekoan, eta gainera, munduko marka hautsi zuen finalaurrekoetan.

Zirkuitu-probak, Antoniuttiko pistan, eta pistakoak, Txantrean

Zirkuitu-probak Antoniuttiko irristaketa-pistan eginen dira; izan ere, pista hori erabat berritu zen joan den udaberrian, Udalaren 200.000 euroko inbertsioaz. Oro har 6 m-ko zabalera duen 429 m-ko ibilbidea da, 100 m-ko luzera eta guztira 8 m-ko zabalera duen hiru erreiko abiadura-pistako tartea barne hartzen duena. Lanen ondorioz, zuzen nagusiak, 8 m-ko zabalerako diseinuaz, marra zuriez bereizitako 2,6 m-ko zabalerako 3 errei ditu, eta zeharkako % 1eko malda, zirkuituaren barneranzko isurialdean. Pistaren gainerako eremuetan zabalera 6 metrokoa da, eta ez dago zedarritutako kalerik, ez baita beharrezkoa. Horrez gain, zirkuitu osoa asfaltatu zen, bi geruzaz zuzen nagusian. Bertan egitekoak diren lasterketak abuztuaren 30 eta 31n izanen dira.

Horien aurretik, baina, pista-probak izanen dira, Txantrea KKEn, abuztuaren 26tik 28ra arte. Irailaren 1eko maratoiak hiriko tokirik bereizgarrienetariko bat izanen du agertoki: Ziudadela. Ibilbidea 3 km-koa izanen da guztira, 140 metro itzuli bakoitzeko.

Txantrearako eta Antoniuttiko harmailetarako sarrerak

Hiru aukera daude Txantreako pistan eginen diren lasterketa ikusteko. Horietako bat 45 euroko abonamendua da (gehi kudeaketa-gastuak), eta bide ematen du hiru egunetan eta igandeko aurkezpenean harmailan jartzeko. Bestetik, bada 15 euroko (gehi kudeaketa gastuak) beste abonamendu-mota bat, lasterketak zutik ikusteko egun horietan berberetan. Azkenik, eguneko sarrerak daude, zutikakoak, 5 euroan (gehi kudeaketa-gastuak) Pista horretako harmaila helmugako zuzenean dago, eta 189 eserleku ditu.

Bestalde, Antoniuttiko zirkuituan 650 eserlekuko harmaila dago helmugako zuzenean, zirkuituaren ibilbide osoa zuzenean emanen duen pantaila erraldoiaren parean, iritsierak bertatik bertara ikusteko aukera ematen duen tokian. Bi lasterketa-egunetarako abonamenduak 35 euro balio du, gehi kudeaketa-gastuak. Sarrerarik erosten ez dutenek zutik ikusten ahalko dute txapelketa, zirkuituak dituen gainerako zuzenetan. Azkenik, maratoia doakoa izanen da ikusle guztiendako.

Sarrerak Europako Txapelketako webgune ofizialean eros daitezke, zehazki esteka honetan: http://europeofnp.deportenavarro.com/contenido/entradas.

Udalaren laguntza, 60. 000 eurokoa eta azpiegiturena

Iruñeko Udalak laguntza eman du Europako Txapelketa honetarako; zehazki 60.000 euroko dirulaguntza eman dio Nafarroako Irristaketa Federazioari, kirolaren zein ariketa fisikoaren arloko entitateei zuzendutako deialdiaren barruan, horren bidez dirulaguntzak ematen baitira 2018-2019ko denboraldian edo 2019an kirol-ekitaldi puntualak eta kirol-jarduera iraunkor jakin batzuk antolatzeagatik.

Horrez gain, Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Irristaketa Federazioarekin; horren xedea, Antoniuttiko udal-zirkuitua erabiltzeko bide ematea eta bertan zenbait zerbitzu paratzea, hala nola argia, aldi baterako taberna-barra, merchandising-salmenta eta elektrizitate-harguneak.