BILBO. Opengunen dibertitzeko ordenagailuen esparrutik ateratzen diren 7000 parte-hartzaileez gain, gune irekiak milaka bisitari jaso ditu aurtengo eskaintza erakargarriari esker. Datu hauen aurrean, Euskaltel Konekta fundazioko arduradun eta ekitaldiko antolatzaile Sabino San Vicente oso pozik agertu da bisitarien eta parte-hartzaileen erantzun positiboarekin, eta bereziki, LAN partyan gauzatutako elkar trukearekin. Nabarmentzekoa izan da ere antolatutako 300 txapelketetan izan den parte-hartze handia, iaz antolatu zirenak baino %50 lehiaketa gehiago egon baitira aurten.

Edizio honetan eskaini diren jardueren artean, Euskal Encounterrera gerturatu direnek errealitate birtualeko azken nobedadeekin disfrutatu ahal izan dute, Wuautech asturiar enpresak aurkeztu dituen sorkuntzekin, adibidez. Bertan, herensuge baten gainean hegan egin edo etxeen teilatu gainean abentura zirraragarriak bizi dituzte bisitariek. Robotikarekin, droneekin eta 3D inprimagailuekin erlazionaturiko prestakuntza tailerrak ere izan dira, eta gamerrek azken bideo-jokoekin gozatzeko aukera izan dute, Nintendoko postuan edo aspaldiko joko eta informatika aparatuak dituen RetroEuskal gunean.

Aurten, prestakuntza eskaintza indartu egin da, arrakasta handiarekin gainera. Aditu ezberdinek emandako hitzaldiek ikusle asko erakarri dituzte, eta zibersegurtasuna, bideo-jokoen industria eta programazioa bezalako gaiak jorratu dira, besteak beste. Aurtengo protagonista nagusietakoa izan den streamingak leku garrantzitsua izan du Opengunen, Omniscon sari-banaketaren bitartez nahiz bideo-jokoen mundua aztertzen duen Gamegune TV-ren bigarren saioaren bidez. Gainera, Podcast Guneak zuzeneko irratsaioak igorri ditu eta cosplay eta K-Pop lehiaketek bisitari asko erakarri dituzte.

Parte-hartze handia izan da aurtengo joera nagusia eremu guztietan: 187 taldek hartu dute parte software libreko ekintzetan. Hauetan, erronka informatikoak gainditzeko ziberseguritasunean, sistemetan eta programazioan aditu diren pertsonak batzen dira. Jokoen eremuan ere inoiz baino lehiaketa gehiago egon dira. Adituen esanetan, esfortzu handia egin da profil ezberdinetako jokoak egon daitezen. Gainera, finaletan inoiz baino emakume gehiago egon da. Arte digitaleko arloan, irudi, musika eta programazio digitalean aurkeztutako lanen maila altua azpimarratu dute.

Interneteko konexioari dagokionez, Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko abiadurak ez du inongo jario arazorik eduki. Euskal telekomunikazio taldeari esker, parte-hartzaileek etxekoa baino askoz ere azkarragoa den konexio-abiadura izan dute. Honek estatuko party azkarrena eta mundu mailan azkarrenetarikoa bihurtzen du Euskal Encounter.

Jasotako lehen iritziak positiboak izan diren arren, datozen egunetan parte-hartzaileek betetako gogobetetasun-inkestak aztertuko dira. Bertatik ateratako emaitzak oso garrantzitsuak izango dira datorren edizioari begira. Openguneren hazkundeak edo pabiloi horretan ezarritako eszenatoki berriak izandako onarpen-maila aztertuko dela esan dute antolatzaileek.