BILBO - Klima eta ingurumen larrialdiari buruzko adierazpen instituzionalaren harira, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO-COAVN) bat egin du Consejo Superior de los Colegios Arquitectos de España elkartearekin. Honetan, beroketa globala murrizteko beharrezkoak diren neurriak ezartzeko konpromisoa ikusten da, eta 2050erako EAE eta Nafarroa ingurumen eragin txikiko ekonomia lehiakorrak izatea bilatzen da. Arkitektoen aburuz, ezinbestekoa da beroketa orokorrak dakarren erronkaren magnitudea aitortzea. Zentzu horretan, eraikita dagoen habitata hori murrizteko “garrantzitsua” dela azaldu dute. Onetsitako adierazpenean hurrengoa adierazten du EHAEO-COAVNek: “Gaurtik 2050era negutegi efektuko gasen isurketak %80a murrizteko, EBko ibilbide orriak adierazten duen bezala, eta beroketa orokorraren ondorioak konponezinak izatea saihesteko, arkitektoek gure erantzukizunari eta gizarteak eskatzen digun lidergoari erantzun behar diegu, gure lana indartuz, bakoitzaren eguneroko lan jardunean eta baita talde gisa ere”. Modu honetan, elkarteak bere eskua administrazio publikoei eskaini die, hirigintzan eta eraikigarritasunean soluzio berritzaileak bilatzeko. -U. G.