BILBO. Haurrei eta nerabeei laguntzeko telefonoak baliabide gehiago ere baditu, besteak beste, sare sozialak, postontzi elektronikoa eta newsletterra, baina 116 111 zenbakiaren bidez “ematen zaie arreta nagusiki gure adingabeek edo inguruan dituzten helduek izan ditzaketen arazo, kezka edo zalantzei”, esan du Artolazabalek.

Pasa den 2018an, 116 111 telefonoan 843 kontaktu izan ziren eta, horien ondorioz, 979 kontsulta; horrela, Euskadin 2010ean ezarri zenetik ezarpen handieneko bigarren ekitaldia izan da. Sailburuak esan duenez, 2019ko lehen sei hilabeteetan, 381 kontaktu jaso dira eta, horien ondorioz, 444 kontsulta egin dira. Gainera, lehen seihileko honetan, guztira 959 argitalpen egin dira, zerbitzuaren sare sozialen eta blogen bidez.

Orain, zerbitzu “gaurkotua eta eraginkorra” zabaltzen jarraitzeko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Zeuk Esan marka berritu du, eta material berriak argitaratu ditu, adingabeen artean zabaltzeko. “Gure neska-mutilak hazten doaz, eta zerbitzua ezagutzera emateko ahaleginak etengabea izan behar du; horregatik eskertzen diegu ikastetxeei eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari urtero ematen diguten laguntza handia”.

Marka banatzea

Oraingoan, Eusko Jaurlaritzak honako hauen 200.000 kopia argitaratuko ditu: orri-markatzaileak, eranskailuak, giltzatakoak, liburuxkak eta flyer-ak, eskola-ume adingabeen artean banatzeko, ikasturte berria heltzean. Halaber, 12.900 kartel eta eranskailu handiagoak inprimatu dira, ikastetxeetan beretan eta nerabeak eta haurrak igaro ohi diren zenbait lekutan jartzeko. Eta sei bideo sortu dira, dei errealen adibideekin, sare sozialetan eta tutoretza-eskoletan erabili ahal izateko, besteak beste. Material hori, ikus-entzunezko baliabideak jaso dituzten 4.800 pendrivekin batera, laster bidaliko zaie Euskadiko ikastetxeei, azalpen-gutun batekin batera. Helburua da ikasketa-arduradunek eta irakasleek zerbitzua ezagutzea eta egoki baderitze ezagutzera emateko baliabideak izatea.

Gainera, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ?urtero eskola-agendak argitaratzen dituzte? 2019-2020ko bertsioetan zerbitzuari eskainitako orrialde bat sartu dute, gida horietako bakoitzean; beraz, aurrerantzean, Euskadiko haur eta nerabeei arreta emateko zerbitzuari buruzko informazioa jasoko dute.

Agenda horiek aurreko urteetan bezala banatuko dira. “Guretzat oso garrantzitsua zen agenda horiek Zeuk Esan zerbitzuaren informazioa jasotzea, eta bai Emakunderen aldetik bai Segurtasun Sailaren aldetik berehalako harrera izan dugu, eta eskerrak eman nahi ditugu horregatik”, esan du Artolazabalek.

Modu berean, Zeuk Esan zerbitzuaren logotipo berria ETB1eko Goazen! telebistako programan agertuko da, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren arteko elkarlanari esker. ETBk eta Pausokak, seriearen ekoizleak, Zeuk Esan zerbitzuaren materialak sartuko dituzte datozen kapituluetan, besteak beste kartelak eta eranskailuak, eta telefonoa sartuko dute beren trametako batean.

“Ahalegina egin dugu neska-mutilengana hurbiltzeko, baliabide hori eskura izan dezaten; horretarako, Gobernuko beste sail batzuk izan ditugu oinarri”, esan du Artolazabal sailburuak. “Irudi berri hori eta, bereziki, sortu ditugun bideoak lagungarri izango dira Zeuk Esan zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko, bai eta kasu bakoitzean nola erabili jakiteko ere”.

Zerbitzua

Beatriz Artolazabalek Zeuk Esan zerbitzuaren 116111 telefono-zenbakian arreta ematen duen profesional-taldeak egiten duen orientazio-, aholkularitza- eta informazio-lana­ nabarmendu du, eta zerbitzua konfidentziala dela gogorarazi du (116111 zenbakira egiten diren deiak doakoak eta anonimoak dira eta fakturan ez dute arrastorik uzten).

Telefonoaz gainera, Zeuk Esan zerbitzuak beste komunikazio-bide batzuk ere baditu, besteak beste, gizarte-sareak (@Zeukesan Twitterren, Instagramen eta Facebooken) eta www.euskadi.eus/zeukesan web-orrialdea, Youtubeko kanala (https://www.youtube.com/user/Zeukesan) eta adingabeen bloga (http://zeukesan.blog.euskadi.eus). Azken horretan, hilero, argitalpenak egiten dira, eta zerbitzua ematean aztertu diren gaiak jasotzen dira.

Zeuk Esan zerbitzuak helduentzako bi baliabide berezi ditu. Batetik, blog bat; bertan, hilero, argitalpenak egiten dira (http://helduakzeukesan.blog.euskadi.eus) eta eginiko kontsultetan jasotako gaiak aztertzen dira. Bestetik, astekari digitala (http://zeukesan.zerbitzuak.org); bertan, ongizatearekin eta haur eta nerabeen garapenarekin lotutako albiste nagusiak jaso dira. Harpidetzeko aukera dago, hura jasotzeko.

“116111 zenbakia ez da bakarrik haur edo nerabeen ahultasun- edo babesgabetasun-egoera baten berri emateko; hori ere bada, baina prebentziorako zerbitzua ere bada, isilpekoa eta konfiantzazkoa eta eraginkorra, ume eta nerabeek egoera zailari, arazo txiki edo handi bati aurre egin behar dioten kasuetan.

Psikologiako edo gizarte-hezkuntzako prestakuntza eta esperientzia duen heldu bat egotea telefonoaren beste aldean adingabeekin tratatzeko laguntza bilatzeko beste aukera bat da. Ondorioz, “Zeuk Esan oso erabilgarria da, adingabeen arazo eta ardurei arreta emateko, arazo horiek edozein direla ere”.