BILBAO - San Mames. Metroa eta trena batzen dituen bidegurutzea. Zarata, mugimendua, kaosa errotuta. Eta bidearen erdian led pantaila erraldoia. “Honezkero hemengo bizitasunaz konturatuko zineten, izan ere, horixe bera da euskararentzat nahi duguna mundu digitalean”, aitortu zuen Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak.

Gaur egun, .eus Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. 2014ko ekainaren 28an domeinu honen lehendabiziko webguneak sareratu ziren. Etzi bosgarren urteurrena izango den horretan, San Mameseko intermodalean errealitate areagotuko pantaila bat ezarri da, eta bertatik igarotzen diren pertsonek euren burua honetan harrapatuta ikusten dute. “Ingurumen digitala eta teknologia berriak elkartuta daude gurean, eta edozein hizkuntza indartzeko gura badago, ezinbestekoa da tren hori harrapatzea, eta horretan aritzea gogotsu eta bizi-bizi”, azaldu zuen Bilbaok. Jendez pilatzen den eta .eus domeinuaren baitan dagoen sare horretan, euskarak konekta-tzeko gaitasuna duela erakutsi nahi da. Atzo goizean proiektuaren ibilbidea aztertzeko elkartu ziren Lorea Bilbaorekin batera Iñaki Goirizelaia, PuntuEUS Fundazioko lehendakaria, Josu Waliño, PuntuEUS-eko zuzendaria, eta Eneko Arrubarrena, Metro Bilbaoko kudeatzailea.

Urratsez urrats sendotzen joan da bost urte hauetan .eus domeinua, eta une honetan 10.000ra heltzetik gertu dago. Euskal gizartean errotuta eta zabalduta dago jada, eta urrats bat gehiago eman dute fundaziotik: .eus domeinua gainerako domeinuentzat ohikoa den prezioan finkatu da, eta, aurrerantzean, 19 eurotik hasita erosteko aukera egongo da, berria erosten dutenentzat zein lehendik dutenentzat. Gainera, .eus domeinuak prezio berean balio handiagoa ematen duela azaldu zuen Josu Waliñok: “Beste domeinuek eskaintzen ez dituzten onurak emango dizkie aurrerantzean ere erabiltzaileei, hala nola, nortasun propioa, gertutasuna, eta segurtasun gehigarria, Basque Cybersecurity Centerrekin dugun lankidetzaren bidez”.

Lortutakoaren harira, euskara ingurune digitalean lehen mailako hizkuntza izateko ametsa dator. “Euskara Interneten gero eta baliagarriago eta erabilgarriago egitea da gure helburua. Gainera, gure domeinua arlo guztietan erakargarria dela erakutsi dugu, kultura, kirolean, hizkun-tzan, administrazioan, merkataritza, industria arloan, eta zer esanik ez, arlo pertsonalean ere”, aitortu zuen Goirizelaiak. Modu honetan, euskara epe ertainean Euskal Herriko hirugarren domeinu izatea erdietsi nahi da. Dena den, horrekin konformatzen ez direla gehitu zuen PuntuEUSeko lehendakariak: “Denon artean, .eus domeinua Euskal Herrian gehien erabiltzen den domeinua izatea lortu behar dugu, eta horretarako lanean jarraitu behar dugu”.

PuntuEUS Fundazioak egindako azken inkesta soziolinguistikotik bi ondorio atera dira. Alde batetik, Bizkaian Internet euskaraz kontsumitu egiten dela (biztanleriaren %21,2), eta kontsumitu egiten dutenen 3tik 2 pertsona gazteak direla. “Tramankulu teknologikoz betea dago gure etorkizuna, eta garaiko errealitate batera egokitu behar gara zeinean guztiok euskara bizirik egotea nahi dugun”, adierazi zuen Lorea Bilbaok. Azken finean, .eus domeinuak metroaren ikurrak aditzera ematen duenaren antzerako zerbait lortu nahi du: esanahi bat sortzea. Metroaren ikurrak bidaiatzeko non sartu behar garen markatzen duen horretan, .eusek nabigatzerako orduan euskara bidaiaria dela argi utzi behar du.