Bilbo - Nafarroan kokatutako Joar mendiak hainbat guraso liluratu omen zituen duela hamarkada bat, gutxi gorabehera orduan hasi bai-tzen erabiltzen haurrak izendatzeko eta. Baina neskatoen edo mutikoen izena da? Ez bata, ez bestea. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, parekatuta dago kontua: 29 neska eta 29 mutil daude erregistratuta izen horrekin. Beraz, ez dago izen neutroa dela ukatzeko formarik; Amets, Lur edo Iraitz bezalako izenekin lehenago gertatuta zen bezala. Murriztu ordez hazten ari den fenomenoa dela ikusita, izen neutroen saila gaineratzea erabaki du Euskaltzaindiak bere pertsona-izendegian. Euskarri digitalean soilik plazaratuko den zerrenda berrikuntza adierazgarri bezala aurkeztu zuen atzo Akademiak, Gasteizen ospatutako Nazioarteko Onomastika jardunaldian.

“Aspalditik datorren errealitate bat da eta kategoria horri atea irekitzen zaio pertsona-izendegi berrituan”, adierazten du Roberto González de Viñaspre, Onomastika Batzordearen buruak. Pertsona-izendegiaren aurreko edizioa 2001ean argitaratu zuen Akademiak paperezko euskarrian. “Gero berritzen joan da. Ziurtagiri bidez, jendearen aldetik eskari edo kontsultak izan diren neurrian, izen berriak zehaztu eta eman dira”, gaineratzen du. Bere esanetan, “urrats handi bat da kualitatiboki hiru kategoria onartzea eta kuantitatiboki ere badu pisua, bidea emango baitiogu ehunka izen berriri. Eta, gainera, etengabe osatzen joango gara”. Momentuz, Euskaltzaindiaren bidez kontsultagarri dagoen webgunean dagoen Izen epizenoen zerrenda sailkapenaren barruan 445 izen agertzen dira, gehienak lexiko arrunteko izenak edo leku izenak direnak. Hona hemen hain ezagunak ez diren adibide batzuk: Aiuri, Araitz, Bihotz, Garai, Gorbeia, Iparla, Itzel, Kemen, Larraine, Lizar, Luzaide, Muxika, Pallas edo Udalatx.

“Badira hainbat izen tradizioz maskulinoak edo femeninoak izan direnak mendeetan zehar. Baina egia da gero pertsona-izenak etengabe sortzen, moldatzen eta aldatzen doazela gizartearekin batera. Gustu estetikoak aldatzen dira, sentsibilitatea ere aldatzen da eta garbi dago gure pertsona-izendegiak joan behar duela gizartearekin eta gaur egungo errealitarekin batera”, hausnartzen du euskaltzainak. Azken hamarkadetan, esaterako, ugaltzen ari dira nabarmen euskararen lexiko arruntetik datozen pertsona- izenak: Amets, Lur edo Euri, esaterako. “Berez, jatorriz, leku izenak direnak ere badaude. Batzuk Andra Mariaren adbokazioarekin lotuta daude, ez dira huts-hutsean pertsona-izenak: Izaskun, Begoña edo Itziar, esaterako. Toponimoak dira, baina tradizio sendoa dute femeninoraren erabilerarekin. Oreka bat bilatu nahi dugu, badaude hainbat izen, eta izango dira askoz gehiago, genero markarik ez dutenak”, azaltzen du González de Viñasprek.

Jakina denez, euskarak ez du genero gramatikalik, gaztelerak eta frantsesak ez bezala, eta, hortaz, izen horiek, pertsona-izentzat hartuak, ez dira berez genero bakar bati atxikiak, eta baterako zein besterako balio dezakete. Orduan, berdin-berdin erabili daitezke maskulinorako zein feneninorako. “Hor tradizioa hartu behar da kontutan beti. Urko izena, berez, mendi izen bat da. Jatorriz ez du genero markarik, baina azken 40 edo 50 urtetan izan duen tradizioa aztertuz gero, milaka gizonezko aurkituko ditugu izen horrekin”, arrazoitzen du euskaltzainak, zeinek Irati izena ere jartzen duen adibidetzat egoera berbera azaltzeko. “Aldiz, Abodi, Nafarroako mendialde bat, erabileran tradiziorik ez duen izen bat da. Hortaz, zer da, maskulinoa edo femeninoa? Bi sexuetarako balio du. Guk hizkuntzaren ikuspuntutik azter-tzen dugu egoera”, argudiatzen du.

Legeriaren aldetik “Euskaltzaindiak hiru kategoria horiek daudela defendatuko du. Batetik, erabilera linguistikoa da, eta, bestetik, legedia edo arlo-juridikoa dago. Hori ez da Akademiaren zeregina”, dio González de Viñasprek. Izan ere, izen neutroak pertsona-izenetarako erabiliz gero zein grafia edo tradizio duten soilik adierazi dezakete. Bere esanetan, guraso batek bere seme edo alaba Erregistro Zibilean erregistratu nahi duenean, jarri nahi duen izena ezezaguna bada funtzionarioarentzat ziurtagiri bat eskatzen zaio Euskaltzaindiari. “Halakoak izaten dira: Me dirijo a usted a fin de que se acredite si Amets es un nombre propio de varón. Baina Euskaltzaindiak ezin du termino horietan erantzun. Esan dezakeena da, berez, Amets lexiko arrunteko hitz bat dela eta pertsona-izenetarako erabili daitekeela, eta, euskararen barne egiturari kasu eginez, horrek ez duela atxikita genero bat modu esklusiboan”, azaltzen du.

Frantziako Estatuan bi sexuetarako erabilgarri diren pertsona-izenak onartzen dira 1996az geroztik. Baina Espaniako kasua bestelakoa da. Izan ere, 1957ko Legeak espresuki debeka-tzen du sexuari buruz okerra eragiten duten izenak. Ondoren, 2011ko Erregistro Zibilaren Lege berriak debeku hori ezabatu bazuen ere, oraindik ez dago indarrean puntu hori. “Dakiguna da 2020ko ekainera arte atzeratu dela indarrean jartzea. Errealitatean arazo bat dago guraso askorentzat”, azaltzen du González de Viñasprek. Hori dela eta, 2018ko urtarrilean, Euskaltzaindiak gutun bat zuzendu zion Justizia ministroari bere kezka azalduz. “Legearen aplikazioa eskatu genion, disfuntzio bat baitago”, gainera-tzen du. Gaur egun arte ez du erantzunik jaso jarrera aurrerakoia erakutsi duen Akademiak.

Erregistro Zibila Baina benetan eragozpenak jartzen dira Erregistro Zibilean? Alicia Sánchez, Bilboko Erregistro Zibileko epailearen esanetan, ez: “Ez dut ezagutzen Bilboko Erregistro Zibilean gurasoek izandako arazorik. Une honetan ez dago helegiterik zentzu honetan. Erregistro Zibileko arduradunak kasuz kasu erabakitzen du, indarrean dagoen legearen 54. artikuluak dioen bezala”. Hortaz, azaltzen duenez, Erregistro Zibilaren 20/2011 Legeak iradoki-tzen dituen oinarriak, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen eta argibideak eta baita Euskaltzaindiak esandakoa izaten dira kontutan erabakiak hartzeko.

“Azken urteotan badago joera jadanik existitzen diren izenak euskarazko izen neutroetara aladatzeko. Beste hizkuntza batzuekin ere gertatzen ari da: gaztelera, galegoa, katalana... Ez da ahaztu behar, euskaraz zein gazteleraz, geografiarekin edo fantasiarekin zerikusia duten izenak onartzen direla. Izenak erabakitzeko orduan askatasuna bultzatzen da”. Beraz, Sánchezen aburuz, Erregistro Zibilarentzat ez da arazo bat pertsona-izenen esleipena: “Erregistro Zibileko arduradunak, beste epaile ba-tzuek bezala, presente baitu gizartearen bilakaera”.