Bilbo - Ez dakit non eta noiz ezagutu zintudan. Badakit hirurogeiko hamarkadan izan zela. Euskara eta Euskal kultura arnasa hartu ezinda, hil zorian, bizi nahirik eta ezinik zirenean. Beharbada UEUn izango zen. Agian gaueskolak indartzen ari ginen irakasleon batzarren batean. Batek daki! Akaso isilpeko bertso saioren batean, dantza-emanaldi erdi klandestinoan edota euskararako dirua biltzeko antolatutako kantaldiren batean.

Ez dio axola! Bidegurutze batean, betiko elkartu ginen. Biok fededun eta euskaltzale. Biok herri maitale eta abertzale. Bide luzea egin dugu elkarrekin, azken urteotan makal xamar ibili zaren arren.

Lehen aldiz elkar ezagutu genuenean ez nekien Ondarroan 1927an jaioa zinenik. Ezta familia eder bateko seina izanik umezaroan, ni baserri giroan bezala, itsas herriko giro euskaldunean zoriontsu bizi izan zinenik. Luis Baraiazarrak 2011ko Bilboko omenaldian argitara atera ondoren (www.Karmel aldizkaria, Hemeroteka, 2011-2) ezagutu nituen zure bizitzako beste zenbait jakingarri, hots, bihotz-bihotzez maite izan dituzula arrauna, pilota, bertsoak, euskal dantza eta kantuak? Azken batean, arnasa-iturri dugun Euskal Herri hau.

Elkar ezagutu eta elkarrekin bide luzea egiteko abagune ederra izan dugu: UEUn, alfabetatze-euskaldun- tze lanetan, ikastolako andereñoen- tzako ikastaroak prestatzen?, joan-etorri ugari automobilean hara eta hona.

Hasierako hirurogeiko hamarkadetako urratsek bizitza osorako bidelagun bihurtu gintuen hiztegigin- tzan euskarak behar zituen materialak gertatzen. Hogeita hamazazpi urte egin ditugu zeregin horretan, euskara lantzen, egokitzen, zabaltzen, herritarren esku ongi jantzita jartzen.

Hasieratik (1982-2019) izan zaitugu Bostak Bat Kultura Elkarteko kide. Ondarroan zuk utzitako etxean eman genion hasiera gure ibilbideari Sinonimoen hiztegia prestatuz. Ilusio handiz hartu zenuen duela bost hilabete Juan Luis Goikoetxea eta biok gure 3000 Hiztegi Praktikoa -azken hiztegia- Begoñan eskura eman genizunean.

Poz handiz hartu zenuen, baita ere, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatzea, ezin izan zenuen arren Donostian diplomen banaketan parte hartu.

Ordu asko eskaini dizkiozu dohainik euskarari arnasa berria emateko ahaleginetan. Lan neketsua izan arren, pozaldi ederrak ere izan ditugu elkarrekin, euskal herritarrek halako harrera ederra eman diotela gure hiztegi horiei ikustean.

Ezin aitatu gabe utzi aparteko ahaleginak egin dituzula euskararen ezaugarririk behinenetarikoa dugun Euskal Aditza lantzen eta herritarrei era atseginean aurkezten. Funtsezkoak izan dira, baita ere, itsas munduko lexikoari buruzko zure ekarpenak nahiz sinonimoak bilduz euskalkien arteko zubiak egiteko lan oparoak.

Zure apaiz lana ere gogoan izango dute adineko pertsonek Ermuan, Axurian, Amoroton, Gatikan, Bilbon? zure egitekoa kantuz egoki hornitzen baitzenuen. Badakit Ameriketan ere izan zinela hango artzainei era guztietako laguntzak emanez. Eliz barrutian ere 13 urte luze eman zenituen esker gutxikoa izan ohi den itzulpen lanetan.

Zer gehiago? Ibilbide oparoa egin duzula, poza eta itxaropena erein dituzula inguruan, beti eskuzabal jokatu duzula. Horren lekuko ditugu inguruan bildu duzun adiskide talde handia. Gogotsu jardun izan duzu gure herriaren, bereziki euskararen alde. Laburbilduz, Jesusi buruz Padrok esandako berbak gogora ekarriz on egiten igaro dozu bizitza”.

Agur, bihotzez, Txomin, Aitaren etxean zoriontsu elkarrekin bildu arte!