Elizondo - Bi urte zeramaten Baztan-Bidasoan, Euskal Herri osoan bezala, Korrikaren zain eta azkenean, atzo, ailegatu zen euskualdera Klika egiteko aukera. Bortziriak, Xareta, Baztan, Bertizarana eta Malerrekako errepideetan barrena ia 100 kilometro egin zituen euskararen aldeko tropel erraldoiak, eta batzuetan gehiago, bertzeetan gutxiago, jende aunitzek parte hartu zuen han edo hemen.

Goizaldeko 2.45ean, atzerapen pixka batekin heldu zen Korrika Gipuzkoatik Nafarroara, Endarlatsako zubia igarota. Ika, Ika, Ika, hemen dago Korrika! izan ohi da Korrikaren baitan lelo oihukatuenetako bat, eta horri ohore eginez, hain justu, Bortziritako Ika euskaltegiko kideak izan ziren Nafarroako lurretan korrikak egin zuen lehenbiziko kilometroan lekukoa eramateko ardura izan zutenak. Batzuk iratzarri berriak, bertze batzuk lo egin gabe, gogotsu ekin zioten lasterkaldiari. Hortik aitzinera, bortziriko herritarren artetik igaro zen Juan Gorritik egindako makila, N-121-A errepide arriskutsuan barrena, kamioi aunitz ondotik pasatu bidenabar. Berako Udalak, Berako tabernak eta, mendi, lasterketa eta kultur talde desberdinen artean, Korrika Bera herriraino eraman zuten, bertan, ikastetxe desberdinek jendetzaren ekarpena egin zioten tropelari eta mantso-mantso, etenik gabe, Lesakaruntz abiatu zen. Elgorriagatik pasata, Iturendik igarotzerakoan bertako har-tza eta joaldunak agertu ziren, Korrikari joare soinuekin harrera eginez, eta Zubieta ezkerrean utzita, maldan goiti abiatu zen gero, Beintza-Labaien, Saldisas eta Ezkurrako biztanleek egin zituztelarik eskualdeko azken kilometroak. - F. Anbustegi