BILBO. EHUk ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren helburuak eta ekintzak finkatu ditu 2019-2022 eperako bere II. Ikerketa Planan
"Ikerketa unibertsitate baten ardatz garrantzitsuenetako bat da: ez bakarrik benetako unibertsitate baten izaera markatzen duelako, baita indartu egiten dituelako ere unibertsitatearen gainerako eginkizunak. Ikerketa gure unibertsitate proiektuaren nortasunaren ezaugarria da, eta plan berri honen bidez, apustu hori indartzen dugu, unibertsitate bikaina izatera heltzeko modurik onena dela kontziente baikara", adierazi du Nekane Balluerka errektoreak plana aurkezteko agerraldian, Bilbon.
Bere 38 urteetan, ikerketak hazkunde esponentziala izan du EHUn. Gaur egun, 286 ikertalde ari dira lanean, eta urtero 3.000 artikulu baino gehiago argitaratzen dira. 2017-2018 ikasturtean unibertsitatean 342 tesi irakurri ziren (horietako 116 nazioartekoak), eta 17 patente proposamen kudeatu zituen. Shanghaiko sailkapenaren azken edizioak bere bikaintasun zientifikoa aitortu du, aurreko urtean munduko 500 onenen artean egotetik 400 hoberenen artean kokatzera pasatu baita.
Bikaintasun zientifikoa bultzatzeko, II. Ikerketa Planak bost erronka ezarri ditu: ikertzaile berriei eta prestatzen ari diren ikertzaileei laguntzea eta ikertzeko kultura sustatzea; Euskal Herriarekin konprometitutako jakintza eta berrikuntza bultzatzea eta horretarako ikerketa unibertsitateko prestakuntzan giltzarria izatea; diziplina anitzeko eta mugako ikerketa sustatzea, jarduera zientifiko eta teknologikoaren nazioartekotzea areagotzen laguntzeko; unibertsitateak nazioartean duen posizioa indartzea; eta lidergoa indartzea, jakintza sortzeko eta transferitzeko eragile gisa eta euskal gizartearekin lankidetzan aritzeko eragile gisa, gizartearen lehiakortasuna eta garapena hobetzeko.
BERDINTASUNA
Erronka horiek lortzeko, planak helburu eta ekintza batzuk zehaztu ditu. Horrela, adibidez, berdintasuna eta genero ikuspegia ikerketan sustatzeko helburua lortzeko, aurreikusitako ekintza bat da belaunaldi ordezkapena bultzatzea ikerketa taldeen eta proiektuen lidergoan, emakumezko ikertzaileen lidergoa bultzatuta eta talenturako aukera berriak sortuta, eta beste bat, talentua erakartzeko estrategia bat garatzea, lankidetzan jardunez abian diren programekin eta, bereziki, Ikerbasque programarekin.
Era berean, dagokien jakintza arloan ikertaldeak nazioartean maila lehiakorrean kokatzeko helburua lortzeko, hainbat jakintza arlotan diharduten EHUko ikertaldeen eta ikertzaileen arteko lankidetza bultzatuko da, taldeen diziplina anitzeko izaera areagotuz eta haien inpaktua eta ikusgarritasuna bultzatzeko neurri handiko proposamen bateratuak eginez.
"EHUko nazioartekotzeari bultzada berri bat eman nahi zaio, datorren hamarkadako gizarte, ekonomia eta ingurumenean sortuko diren erronka berriei aurre egiteko", azaldu du du Ikerketaren arloko errektoreorde Jose Luis Martinek.
NAZIOARTEAN PARTE HARTZEA
Halaber, beste helburu bat da EHUko parte hartzea eta lidergoa areagotzea Europako eta nazioarteko proiektuetan eta bikaintasun partzuergo nahiz sareetan. Ildo honetan, ekintza garrantzitsuenetako bat da harremanak areagotzea eta sustatzea nazioarteko ikertalde ospetsuekin, mugikortasuna, trukea eta lankidetzako ikerketa proiektuak bultzatuz.
Azkenik, beste helburu nagusi bat da hazkunde adimendunean eta jasangarrian laguntzea, Euskal Herriaren garapenerako. Hori lortzeko ekintzen artean daude RIS3 estrategiarekin lerrokatuta dauden eta nazioarteko proiekzioa duten partzuergoetan parte hartzea, erakunde eta enpresekin batera, eta aliantza estrategikoak ezartzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen (ZTBES) eragileekin, aipatu estrategia aintzat hartuta. RIS3 estrategiaren hiru lehentasunak Euskadin hauek dira: Biozientziak-Osasuna, Energia eta Fabrikazio Aurreratua.