GASTEIZ. Ekintza humanitarioetara zuzendutako laguntzen deialdia onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Laguntzak garapenerako lankidetzaren kargura 5,3 milioi euro bideratuko ditu, Lakuako Gobernuaren iturriek jakinarazi dutenez.
Elankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko ditu laguntzak. Hondamendi bateko edo hori gertatu eta berehala egindako jarduera humanitarioak laguntzea da helburua, horrelako hondamendiek eragindako pertsonen bizitza salbatzeko eta sufrimendua arintzeko, bai eta era horretako egoeretan daudenen duintasuna eta eskubideak babesteko ere.
Zehazki, onartutako laguntzak bi jarduera lerrotara bideratuko dira. Alde batetik, krisiek eta hondamendiek eragindako pertsonei oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak ematea xede duten larrialdi proiektuaak lagunduko dira. Laguntza horiek premiazko erreskate jarduerak zein aterpea, edateko ura, elikagaiak eta osasun arreta ematea hartzen dute barne (txertaketa kanpainak eta osasungarritasun eta garbitasun neurriak barne). Finantzaketa lerro iraunkorra da eta, ondorioz, urte osoan dago zabalik. 2,4 milioi euroko aurrekontua du.
Beste alde batetik, ekintza humanitarioko esparru estrategietara bideratutako laguntzak daude, zentzu zabalagoan. Horrelako ekintzen jarduerek ez dute horrenbesteko presarik, eta garapen, giza eskubide eta bake eraikuntzarako oinarriak sustatzea dute helburutzat. Proiektu horien barruan daude errefuxiatuei laguntza iraunkorra ematea, berehalako krisiak arintzea eta hondamendiaren osteko hasierako errehabilitazioa, besteak beste.
Halaber, hondamendi batean edo hori gertatu eta berehala egin beharreko bestelako jarduerak ere sartzen dira, hondamendiak prestatu eta prebenitzeko, gatazkei aurre hartzeko, bakea eraikitzeko eta giza eskubideak babesteko. Jarduera lerro honek 2,9 milioi euroko aurrekontua du.
Jarduera lerro batean zein bestean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lankidetza eragileak dira laguntzen onuradunak, esate baterako, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE).