Galiziatik iritsi omen zen ke usaina gure lurraldeetaraino. Ke usaina baino, erre usaina izango zen, txamuskina usaina ere esango luke baten batek, erdara jatorragoan. Ikaragarrizko sutea izan da bertan, eta suak berez nahikoa indar izango ez balu, Ophelia urakanaren laguntzaz eta hego haize eta tenperatura altuekin hauspotua, baten baten eskua tarteko ere bai agian, hango zikinkeria guganaino iritsi da beste behin ere.

Politikaririk abilenak eman dituen herrialde horretatik bertatik ere iritsi zitzaigun zikinkeria beltza itsasotik, gogoratuko duzue, duela 15 bat urte Prestige itsasontziaren hondamendi latzaren erakusgarri izan zen marea beltza. Denok izan genituen hankazpiak zikinduta hondartzara joaten ginenean. Ezin burutik kendu kaio eta bestelako hegaztiak beltzez goitik behera kutsatuta, hegoak ezin astindu, biziari ezin eutsi.

Pasa den Aste Santuan Galiziatik bidaia egitea erabaki genuen. Ongi jan eta edan genuen, baita eguraldi ederra izan ere, eta bertako emakume batekin berriketan ari ginela, aipatu zigun nola kiwiondoak zituzten, eta nola inguruko zuhaitz gehienak eukaliptoak ziren, Ozeaniatik ekarritakoak. Pare bat txiste egin genituen nola hain urrunetik ekarri zituzten produktu horiek, eta ea koala edo kangurorik ekarriko ote zuten ekosistema berezi hori sortzeko. Eukaliptoak azkar hazten direla azaldu zigun, eta egurraren industriarako oso errentagarria zela. Pena pixka bat ematen zion bertakoak ziren beste espezie batzuen desagertzea, batez ere negozioaren mesedetan. Mordoxka bat kamioi ere ikusi genituen goraino enborrez beteta.

Tarte batean ez ditugu horrelako kamioiak berriz ikusiko ordea, ehunka hektarea erre baitira azken sute katastrofiko horretan. Bereziki erraza omen da eukaliptoa bera su hartzeko, baina noski, errentagarritasunaren izenean zuhaitz autoktonoak aldatu zituzten, suari erresistentzia gehiago eskaintzen ziotenak nonbait. Kasualitatez legedia duela urte pare bat aldatu zuten ere, sute ostean erretako lursailekin salerosketa errazteko, eta hortik ere baten batek diru pixka bat aterako du ziur, agian legedia aldarazi zuten horiek berak suertatuko dira irabazle gainera.

Aurreko batean aipatu nuen erabaki politikoak ad hoc, hau da, norberaren beharretara egokituta hartzearen arriskua, eta oraingo honetan arriskua desastre bihurtu da, are gehiago hainbat suteren asmo txarra argi ikus daitekeenean. Zerbait sutan ikustearen plazerari zentzurik ikusten ez eta gehiago kostatzen zait etekinaren izenean zerbait suntsitzeari zentzua hartzea, ulertzea, batek etxebizitza gehiago eraikitzearren beste bosten bizitza txikitzea ez baita kabitzen nire buruan. Enpatia ez da izango jende honen ezaugarri nagusiena, baina 30 urte itxaron behar ez izatea erretako lurzoruan berreraikitzeko ez da lagungarri gertatu, eta pospoloek baina su gehiago piztu dituzte Galizian horrelako erabaki eta legedia aldaketek, ez dute ordea bertakoen barnean surik piztuko tamalez.