bi urte baino gehiago pasa dira Hondarribiak Kale Nagusiko Zuloaga Etxeko udal liburutegia eraberritze lanak egiteko itxi zuenetik. Atzo, azkenik, eta bitarte honetan zerbitzua Biteri kaleko eraikin modular batean eman ostean, berriz ere ateak zabaldu dizkie XVIII. mendeko jauregiak hondarribiarrei. Baina ez nolanahi.

“Liburutegi berria Kale Nagusiko 10. zenbakira ere zabalduz, azalera 500 metrotatik 1.200 metrotara handitu da eta aldi berean, zerbitzu eta instalazio modernoagoak” izango dituela esan zuen atzo Txomin Sagarzazu alkateak, inaugurazio ekitaldiaren atarian.

Lan epe luzeen inguruan ere, Sagarzazuk gogoratu zuen nola “babesa duen eraikin historiko batean lan egiteak baldintza bereziak betetzea” eskatzen duen eta “lan horiek alboko etxekoekin bateratzeak ere konplikazioak” sortu dituela. Horregatik, “obran zehar, bigarren fase bat planifikatzea beharrezkoa izan da, Pampinot kalera ematen duen fatxadak sortutako zailtasun tekniko batzuengatik bereziki” eta hortik dator obra uste eta nahi baino gehiago luzatu izana.

“Atzerapenak atzerapen, denbora honetan liburutegi zerbitzua baldin-tza onetan eman ahal izanda Biteri kalean, gaur, udal liburutegi hobe eta askoz erosoago bat zabaltzeko”, alkatearen eta Kote Guevara liburutegiko arduradunaren hitzetan.

kalitatean eta kantitatean Etzi astelehenean zabalduko ditu ateak liburutegiak eta “bai kalitatean eta baita kantitatean ere, aurrekoa baino zerbitzu hobeagoa” eskainiko duela azaldu du Guevarak.

Alde batetik, ordutegi zabalagoa izango du liburutegiak, astean batez besteko 38 orduko irekieratik 57 ordutara pasatuz. “Errefortzu hori gehien nabarituko da ikasleen azterketa garaietan eta udan ere, orain arte goizez bakarrik zabaltzen bai-tzen eta hemendik aurrera, arratsaldez ere liburutegia martxan izango delako”, azaldu zuen Kote Guevarak.

Horretarako, “bi langile edukitzetik seira pasako da liburutegia” eta zerbitzuaren kalitea hobetuko dute ere “irakurketa postu zenbakiaren handitzeak eta ordenagailu finko, eramangarri eta tabletak lehengo lautik oraingo 20 gailutara igotzeak”.

Artxiboa egiluzen ez Udal liburutegia berritu ostean, Udalaren hurrengo erroka Udal Artxiboa Egiluz jauregi historikora eramatea zen.

Asmo hau burutu ezingo dela iragarri zuen atzo Txomin Sagarzazuk. “Foru Aldundiko teknikariekin kon-tsultatu ostean, artxiboko dokumentuen apalen pisua jasan ahal izateko, goiko solairuaren egitura sendotzea” ezinezkoa dela jakin du Udalak, Egiluz jauregiaren babesa arrazoi dela. “Beraz, artxiboaren kokapen berri bat bilatzeko hausnarketari” ekingo dio Hondarribiko Udalak.

xehetasunak

Bordari Fondoa. Udal liburutegia zabaltzeko erabili den Kale Nagusiko 10ean jaio zen Fernando Artola Bordari idazle, bertsolari eta euskaltzalea. Handitze honek badu, beraz, bere sinbolismoa. Gainera, Artola familiak Udalari doaitzan emandako Bordariren liburutegia eta Hondarribiaz eta hondarribiarrek idatzitako beste hainbat dokumentu eta argitalpenekin, Bordari Fondoa izena daraman gelan sartu dira orain, hiritarrek errazago eskura eduki ditzaten.

Liburu gutxiago. Obrak iraun duen denboran zehar, inbentarioa egin dute liburutegian eta bere fondoen garbiketaren ondoren, 54.000 dokumentutik 53.000 izatera pasa da Hondarribiko udal liburutegia. Eraikin berrituak, gainera, orain arte hiru lekutan sakabanatuta egon den funtsa hirugarren solairuan biltzea lortu du. “12.000 dokumentu daude hor gordeta, eta beste horrenbesterentzako lekua ere” badagoela azaldu du Kote Guevarak.