Karmele Esnal Zulaika Orion jaio zen, 1932ko abenduaren 20an.
Zortzi urte zituela, Donostiara joan zen familiarekin, eta han egin zituen batxilergo ikasketak. 1947an Gasteizera joan zen Magisteritza ikastera. Hiru urte geroago, Donostiara itzuli zen. Elbire Zipitriaren ikastolan urtebete egin zuen, 1953an, haren teknikak ikasten. “Eskola aktibo, dinamiko bat topatu nuen Elbirerekin. Oso aurrerakoia zen sistema hura”, esan zuen.
Ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izana. Irakaskuntzan eman du bere bizitza guztia.1955ean sortu zuen bere ikastola, Donostiako Pedro Egaña kalean, hasiera hartan zazpi haur izan zituelarik. Gero Pedro Egañatik Artzai Onaren plazako beste leku batera aldatu zuen ikastola, ordurako 35 ikasle zituen-eta.
1960ko hamarkadan, Jarrai antzerki taldean aritu zen, Iñaki Beobide zuzendari zela. Besteren artean, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi harekin ibili ziren.
1965ean Barrian (Araba) antolatu ziren lehenengo euskarazko udalekuetan parte hartu zuen eta urte berean Santo Tomas Lizeoan hasi zen irakasle, baita administrari, zuzendari eta idazkari lanetan ere. Bertan jardun zuen irakasle, harik eta erretiratu zen arte, 1997. urtean. Ordurako, 2.000 ikasle joaten ziren eskolara.
1991n Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea sortzeko bileran parte hartu zuen. Bagera elkartearen barruan, Mintzalagun izeneko programan aritu zen lanean, euskara ikasten ari zirenei laguntzen.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1967ko abuztuaren 15ean. Ohorezko euskaltzaina, berriz, 1998ko apirilaren 24an.
Artikulu asko argitaratu zuen Zeruko Argia aldizkarian, “Gazte naiz” atalean, “Maribeltz” ezizenez sinatzen zituen bere lanak. Euskarazko lehen komiki Panpin aldizkarian ere lan egin zuen, eta Arrate Irratian lagundu zuen.
SARIAK, OMENALDIA:
- 1998ko otsailean Euskal Idazleen Elkarteak omendu zuen, Jose Antonio Arana Martija, Begoña Bilbao, Andoni Lekuona eta Txomin Peillenekin batera. Ohorezko bazkide izendatu zuen.1999an, Anton Abbadia Saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak.
- 2003ko maiatzaren 9an, Eusko Jaurlaritzak frankismo garaiko ikastoletako irakasleentzako laguntzen dekretua aurkeztu zuen. Aukera baliatuz, omenaldia egin zien. Horien artean Karmele Esnal zegoen.
- 2007ko urtarrilaren 28an, Sabino Arana Fundazioak saritu zuen, beste batzurekin batera: frankismo garaiko ikastoletako irakasleak saritu zituen.