JOAN den igandean Belgikan izan ziren hauteskundeek zer pentsatua eman didate. Badakit ez dela konparaziorik egin behar. Jakina, egoerak beti ezberdinak dira. Baina ezin izan diot eutsi preben-tzioari eta, igandeaz geroztik, buelta eta buelta nabil han gertatutakoari. Eta galderaz beteta nago.

Egia osoa esan behar badut, Belgikan gertatutakoak ez ezik, Espainiako prentsan irakurritakoak ere eman dit zer pentsatua.

"Fractura, separatismo, partición, ruptura institucional, escisión, la unidad peligra, secesión..." Madrilen argitaratzen diren egunkarietatik hartutako hitzak dira eta hauteskundeetan gertatutakoa titularretan azaltzeko erabili dituzte. Argi dago hitz bat edo beste aukeratzeak norberaren ikuspuntuaren berri ematen duela, eta prentsa espainiar zentralistak argi eta garbi adierazi du bere ikuspegia.

Iritzi emaile asko kezkatuta ageri dira Belgika bitan edo hirutan apurtuko litekeelako. Baina, zergatik kezkatu? Belgikan dauden komunitateek edo, hobeto esanda, Belgikan bizi diren herritarrek, bakean eta demokratikoki, bana-tzea erabakiko balute, zer? Nor gara beste guztiok ezer esateko? Zer kalte letorkiguke hortik?

Banaketa hau egiteko moduak ere eman dit zer pentsatua. Erabaki horretan nork parte hartu beharko luke: Belgikan bizi diren komunitateek edo Europar Batasuneko erakundeek? Edo guztiek? Eta erabaki hori hartzeko erreferendum bat egin behar balitz, nork eman beharko luke botoa, Belgikako hiritarrek edo Europar guztiok?

Eta benetan banatzeko erabakia hartuko balute, eta bakoitzak bere aldetik Estatu berri bana sortuko balute, zer gertatuko litzateke Valonia, Brusela eta Flandriako hiritarrekin: Europar Batasunako kide izaten jarraituko lukete? Edo Batasunetik kanpora geratuko lirateke automatikoki, eta hutsetik hasi beharko ote lukete Europan berriz sartzeko bidea? Europar Batasunaren sorreran hasiera-hasieratik parte hartu duten Belgikako hiritarrak -lehen hiritar europarrak- Europako Batasunetik kanpo? Zer dela eta?

Egunkariek diote, N-VA Flandriako Aliantza Berria, hauteskundeak irabazi dituen alderdia, errepublikarra eta kontserbadorea dela. Flandriaren independentzia omen du helburu. Baina ez dute proposamen hori eraman hauteskunde hauetara; eta orain planteatzen ari direna hauxe da: Belgikako estatuaren barruan hiru Estatu sortzea, Brusela, Valonia eta Flandria; eta Belgikari egitura konfederala ematea.

Belgikako kasuak Europar Batasunean inoiz ikusi gabeko egoera berriak ekarriko dizkigu.

Argi dago Europa handi eta zahar honek egitura ezberdinak eta aldakorrak dituela bere baitan eta hiritarren borondateak, bakean eta demokratikoki, bide luzea egin dezakeela Europan.

Baina gaizki ari naiz orain ere. Ez da komeni egoera ezberdinak konparatzea!