Izaera eta egoera ez dira bat. Izana duen guztiak izena du. Izanik ez duenak, berriz, ez du izenik. Arratian batzuek badiote, ondo ez daudenean edo euren burua apaldu nahi dutenean, “existidu” baino ez dutela egiten. Itauna, jakina, “zelan bizi zara?” izan da. Arratiar horiek ez dira izaten, ez dira, “existidu” baino ez dute egiten. Gizaldiz gizaldi horrelaxe moldatu da euskaldun arrunta, Xabier Leteren abestia hartu zuen euskaldun arrunt hura.

Horixe etorri zait gogora Espainiako Erresumako Gobernuko Osasuneko ministro andrazkoak eta Madrilgo Erkidegoko presidente andrazkoak Espainiako Erresumako herritarrei opaldu dieten ikuskizunarekin. Txiriboga bateko zerbitzariek edo kale-kantoietako gaueko beharginek ezingo zuketen trauskilagorik jardun. Bat-batean, “existidu” egiten dutela begitandu zaidanean gomutara etorri zait pentsakizun hau: batzuek “existidu” baino ez dutelako egiten, besteek guztiona euren egiten dute. Guztion ondasunak, bai eta kargu publikoak ere, neureganatu egiten ditut, inork ezin diezadakelako ezer aurpegiratu. Errugabetasuna da haien defentsarik handiena.

Bai. Haiek errugabeak dira dauden lekuan daudelako. Inor ezin dakieke jarki. Areago, baten batek une jakin batean froga argi bat azaleratzen duenean, baten bat hori ez bada “aditua”, edo “esanguratsua”, edo kasu hartu beharrekoa, orduan dena da aske, libre da guztia. Lotsariaren lotsaria! Edozer egiteko eskubidea libre dutela uste dute. Zergatik? Azken batean, eurak “juliganak” izanik “Var” ere badirelako.

Horrela doa bizimodua. Eredu izan beharko luketenek “juligan” modura jokatzen dute badakitelako jakin eurak azkenean aske geldituko direla, agintea eurena delako, “Var” dutelako. Edozein gizarte demokratikotan, horiek biok honezkero euren kargu publikoetatik kanpo egon beharko lukete, baina hori ez da jazoko, “Var” “juligan”en eskuetan dagoelako. Gomutatzen zarete zuriz jokatzen duen espainiar talde batekin? Niri gomutara datorkit Concha Espainiako kantoia.