Covid-19aren krisia

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak bat egingo dute koronabirusaren aurrean

08.04.2020 | 18:10
Gaur goizean bideokonferentziaz egindako bilera.

DONOSTIA. Gaur goizean, apirilak 8, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok bideokonferentziaz egindako bilera izan dute, pasa den astean lurralde osoko herri eta hirietako ordezkariekin egin zuen bezala, koronabirusaren aurrean hartu beharreko neurriak zehazteko.

Aztergai izan dituzte Covid-19a herritarrengan eragiten ari den ondorio "lazgarriak", nahiz gizartean eta ekonomian sortzen ari den inpaktu sozial eta ekonomiko "gero eta sakonagoa". Bilera modu telematikoan egin dute da eta, bertan, pandemiaren efektuak "ahalik eta gehien" saihesteko eta leuntzeko bi erakundeok martxan jarritako egitasmo eta neurriak partekatu dituzte.

Donostiako Udala konfinamendu egoerari eta pandemiaren eraginari aurre egiteko egiten ari den ahalegina txalotu du Olanok, eta bereziki aipatu du adinekoei eta egoera zaurgarrienean dauden pertsonei eskainitako arreta eta babesa. "Itxialdia luzatzen ari den heinean, gizarte beharrak areagotzen joango dira eta egoera honi elkarlanean erantzuteko konpromiso bateratua berretsi dugu erakundeok", osatu du diputatu nagusiak.

Landutako gaien artean, koronabirusaren zabalkundea mugatzeko gizarte politiken alorrean abiarazitako Txoke Planaren inguruan aritu dira Aldundiko eta Udaleko ordezkariak, batetik. Bestetik, ekonomiaren alorrean abian jartzen ari den "larrialdizko" neurri sorta partekatu dute.

"INDARRAK BATU"

Donostiako alkateak adierazi du Udala "hurrengo eguna" prestatzen hasia dela, "hiriak aurre egin beharko dituen erronka haundiei lehen bait lehen heltzeko asmoz". "Batetik, gizarte ekintza mailako beharrak handitu egingo direlako. Erakunde bakoitzak erantzun bat eman beharko die norbere eskumenen baitan, baina beti ere lankidetzan. Bestetik, ekonomiaren arloko beharrei erantzuna, bai norbanakoenak zein zerbitzu eta ekoizpen sare ezberdinenak, hiri honetan pisu handikoak guztiak ere", adierazi du
.
Eneko Goiak azpimarratu du erakundeek "indarrak batu" beharko dituztela konfinamenduaren ondorengo fasea "errekuperazio azkarreko" garaia izan dadin. Helburua da "arlo kolpetuenek" gure babesa izan dezatela "lehen bait lehen berreskura dezaten euren aktibitatea eta aberastasuna sortzeko gaitasuna".

Markel Olano diputatu nagusiak berekin izan ditu, baita ere, Imanol Lasa, Jose Inazio Asensio, Maite Peña eta Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapena, Ingurumena, Gizarte Politika eta Ogasuneko diputatuak, hurrenez hurren.