Abstentzioa %61ekoa izan zen atzo Baionan eta %55ekoa Hendaian udal hauteskundeen lehen itzuliaren karietara. Bi hiri horietan gaur egungo auzapezak izan ziren bozkatuenak baina Jean René Etchegaray eta Kotte Ecenarrok gehiengo osorik lortu ez zutenez datorren igandean bigarren itzulia egin beharko da bertan azken urteetako osasun krisi larrienak aukera hori eskaintzen baldin badu.

Etchegarayren zerrenda anitzak bozen %40,33 erdietsi zuen eta Henri Etcheto sozialistaren taldeak %29,77. Abertzaleak, ekologistak eta Frantzia Intsumitua biltzen dituen Baiona Berde eta Elkarkidea plataforma hirugarren postua sailkatu zen botoen %13,12arekin. Bihar Baiona ezkerreko herritar plataformak bozen %11,21 lortu zuen. Lau zerrenda hauek parte har dezakete bigarren itzulian eta hurrengo orduetan jakinen da ezkerreko hiru taldeek bat eginen ote duten Lapurdiko hiriburuko alkatetza eskuratzeko. Eskuin muturrak zerrenda osatzea lortu zuen azken unean baina lehiatik kanpo gelditu da %5,5 baizik ez baitzuen eskuratu atzo.

Hendaian Kotte Ecenarro sozialistak bozen %41,09 lortu zuen, Destruhaut zentro eskuindarrak %32,71, Navarron abertzaleak %18,38 eta Tariol ezkertiarrak %7,82.

Angelu, Donibane Lohizune, Hiriburu eta Baigorrin orain arteko auzapezek karguan segituko dute datozen sei urteetan. Claude Olive eta Jean François Hirigoien eskuindarrek gehiengo osoa lortu zuten Angelu eta Donibanen, eta Hiriburu eta Baigorrin Iriart eta Koskarat abertzaleek ez zuten inor parean.

Kontserbadoreen aintzinean aber-tzaleen gorakada dela eta, aldaketak gertatu ziren atzo Biriatu eta Donapaleun. Zerrenda abertzaleak bozkatuenak izan ziren atzo Ziburu, Uztaritze eta Urruñan baina gehiengo osorik gabe. Datozen egunetako itun eta aliantzek erabakiko dute alkate-tza eskuratu dezaketen edo beste zerrendek bat eginen duten euskaltzaleei bidea ixteko.

Itunen denboraldia hasi da Miarri-tzen ere, tirabira, polemika biziak eta zatiketen erreinuan. Bertan Maider Arosteguy kontserbadorea izan zen bozkatuena botoen %31,47arekin, bigarren tokian dago Guillaume Barucq ekologista (%16,22), hirugarrenean Nathalie Motsch zentrista (%14,24), laugarrenean talde aber-tzale anitza (%12,34), bosgarrenean Michel Veunac orain arteko auzapez zentrista (%12,22), seigarrenean Jean Benoit Saint Cricq eskuindarra (%10,59) eta azkenik Karin Guerdane ezkertiarra (%2,93). Aurrean dauden sei zerrendak bigarren itzulira igaro dira baina zer estrategia finkatuko duten jakiteko bihar arratsera arte itxaron beharko da.