ABren aurrekariak 1906an finkatzen dira, Aberrik bere orrietan hitza emakumeei eman nahi dienean: Gaur inoiz baino gehiago behar du Euzkadik euskal emakumearen lana aberriaren alde! Garbiñek, Arritokietak, Mirentxuk, Kataliñek eta Libek erantzun zuten ezinbestekoa zela emakumearen eginkizuna aberriaren berpizkunderako. Ondorioz, Jaun Goikoa eta Lege zaharraren kausarako lan egingo zutenez, parte hartze aktiboa eskatu zuten.

Emakumeak elkarrekin batzeko lehen proposamena Rakel Aldak Kataliñek egin zuen. Hala ere, Euskal emakumeen elkarte aber-tzalea sortzea proposatu zuen arren, Bittorine Larrinaga Libek, erakunde txikiagoarekin hastea hobeto legokeela idatzi zuen. Halandaze, bien ekarpenak josiz, Libek El Ropero Vasco-Euzkal Jantzitegia sor-tzeko deia zabaldu zuen. Jantzitegi honek ongintzaz gainera, euskararen irakaskuntza, ume eta zaharrak babestea, eta mutualitatea edo senidetasuna ezartzea zituen helburu. Bittorine Larrinaga eta Sofia MacMahon izan ziren taldeburu, harik eta Jantzitegia EABren egituran sartu zen arte.

Emakumeen bigarren erakundetzea

Afrikako gerran, 1921eko udan gertatutako Annual-eko sarraskiaren ostean, abertzaleek gogor kritikatu zuten, batetik, gerrara joan behar izatea eta, bestetik, euskaldunak horretara derrigortzen zituen legea. Azken batean, herrien independentziarako eskubidea defendatuz, kolonialismoari izaera berria eman zion kanpainak, gai kolonialaren eta arazo nazionalaren arteko paralelismoa ezarriz. Egoera honetan, Afrikako gerrara derrigorrean bidalitako gazteak eta haien familiak laguntzeko asmotan, Euzko Gaztedik dei egin zuen Euzkotar´en Aldezko Jel-Bazkuna osatzeko. Ekintzen artean, Afrikako erregimentuetan zeuden gazteen zerrenda egin zuten, laguntzak antola-tzeko eta familiei informazioa emateko bulego iraunkorra irekiz.

Emakumeen hirugarren erakundetzea EAB

1922ko maiatzaren 7an eratu zen, Euzko Gaztediko buruzagi zen Elias Gallastegiren ekimenez eta Mendigoizaleen babespean. Apirilaren 10ean emandako hi-tzaldian, O'Daly-k, Irlandako independentziaren gainean min-tzatuz, emakumeek, Cumann nan mBan taldean antolatuta zeudenek, irlandar prozesuan egin zuten ekarpena aipatu zuen. Eredua gogoan hartuta, 50ek eman zuten izena EAB elkartea antolatzeko. Laster, handik hilabetera, 300 kide ziren. Maiatzaren 7an bildurik, araudia aurkeztu eta onartu egin zen, Euzko Gaztediren babesean arituko zirela adostuz. Zuzendaritza ere izendatu zuten. Karmele Erraztik zuzendari kargua hartuta, taldekide izan zituen, Pilare Egiraun, Alike Aretxabaleta, Miren Josune Ibaseta, Kepe Gandarias, Pauliñe Ramos eta Josune Fresnedo.

Izatez, zuzendaritzaren garaia laburra gertatu zen, 1923ko irailean amaitu baitzen Primo de Riveraren Estatu kolpearen ondorioz. Isilpean, kultura ekintzak eta propaganda lanak egiten jarraitu zuten. Karmele Erraztiren hitzetan, "Euzko-Emakumeak ixilduta geratu ziran, baña ez ilda: beti pizkundearen begira, itxaroten" (sic). Errepublika garaia hasiz batera EAB berrantolatu egin zen eta 1931tik aurrera, egitasmoa Gipuzkoa, Araba eta Nafarroara zabaldu zen. Emakumeek garaiko gizarte eredu berriaren alde aritu ziren, pentsamendu hegemonikoari aurre eginez. Bigarrenez eratu zirenean 960 kide izen baziren ere, 28.500 izatera heldu ziren.

1932an Bilboko EABk, uste izanik "alkartasunak indarra egiten dauala", Euskadi guztiko elkarteen arteko Bazpatza, edo sarea antolatzea proposatu zuen, nahiz eta Gipuzkoan baino ez zen lortu. Hala eta guztiz ere, abertzaletasunaren zabalkundea herrietako batzokien inaugurazioetan edo ekitaldi politikoetan zein jaietan parte hartuz garatu zuten, Euzkotarren aberria Euzkadi da asmoa lau haizetara zabalduz. Nafarroako ekitaldietan Nabarra Euzkadi da leloa ere erabili zuten.

EABren pentsamenduaren oinarria, Sabino Aranaren JEL (Jaun Goikoa eta Lagi-Zarra) leloan da-tza. Leloaren funtsa euskal gizarte sinestun katolikoa eta Foruen aldarrikapenean zegoen. Ondoren, Euzkadi euzkotarren aberria da leloarekin osatu zen aldarri abertzalea. Lau oinarrion bidez, Euskadiren askatasun politikoa erdiestea, sinesmen katolikoa indartzea, euskara berreskuratzea eta odolaren garbitasuna zaintzea lortu nahi zuten.

Euskarazko irakaskuntza

EABk hasiera-hasieratik erakutsi zuen bere eginkizunen arteko zituela aberriaren aldeko propaganda, hezkuntza nahiz elkartasun-zerbi-tzuak eta giza laguntza; ahaztu gabe, elkarteko kide euskaldunek euskaraz hitz egin behar zutela, eta ez zekitenek, ikasi.

Euskararen aldeko konpromisoa agertu zuten parte hartuz 1922ko abenduaren 3an Bilbon gauzatu zen Euzkeltzalien Batzarra kongresuan. Mahaian, Karmele Errazti EABko buru zenak parte hartu zuen, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako guztiekin batera euskararen alde jokatzeko hitza emanez.

EABk uste zuen ume euskaldunen heziketan oinarrizkoa zela herriko ohiturak eta historia ezagutu eta maitatzea. Horren harira, 1931n antolatu zen Euzko Ikastola Batza aurrera eramateko, hezkuntza proiektu alternatiboa, berritzailea zena hizkuntzaz, helburuz eta pedagogiaz. Julene Azpeitiak eta Zabala-Aranak, hartu zuten enkarguz eskolarako liburuak prestatzeko ardura. Euzko Ikastola Batzak 1932an sortu zuen lehen ikastola, Bilboko Belostikalekoa; Batzan zebiltzan 35 irakasleak EABkoak ziren. Dakigunez, Bizkaiko Aldundiko auzo eskoletako 200 irakasleetatik 150 inguru EABkoak ziren.

Emakumeen prestakuntza

EABk emakumeentzako prestakuntzari garrantzi handia eman zion. Euren-tzako ikastaroak antolatu zituzten: euskara ikastekoak, joskintzakoak, takigrafiakoak, kontabilitatekoak; baita musika eta kantua, sukaldaritza, ingelesa, marrazketa edo erizaintza ikastekoak ere.

EABren berpizkundearekin batera, 1931ko urrian abiatu ziren hi-tzaldi politiko-sozialak, Karmele Erraztiren eskutik. Miren Lazkano, Mercedes Kareaga eta Sorne Unzueta izan ziren hizlari, Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon eta Elias Gallastegirekin batera. Irakaskun-tza eta emakumeen zeregina nazionalismoan izan ziren gaiak, besteak beste. Laster zabaldu ziren hitzaldiok Euskadi osoan. Aintzat har-tzekoa da Euskarazko hitzaldi zikloetan euskara hutsean azaldu zirela gaiak, hizlari izanik Julene Azpeitia, Julia Gabilondo edo Sorne Unzueta.

Ongintza

EABk arterik zeuden Jantzitegia eta Euzkotarren Aldezko Bazkuna bere egiteaz gainera, Karitate Batzordea sortu zuen, etxez etxeko bisitak egiteko, presoak edo ospitaletako gaixoak artatzeko. Euzko Langileen Alkarteagaz batera jantokiak ere zabaldu zituzten. Laguntza medikua eratuz, medikuek agindutako medikamentuak emateaz batera mediku espezialisten zein erizainen zerbitzu iraunkorra jasotzeko. Zerbitzu guztiak Gizarte Laguntzako Batzorde Nagusian integratu ziren, Teresa Azkue, EABko burua zenaren ardurapean. Batzorde honek 1934ko otsailean antolatu zuen Bilbon, Gizarte Laguntzako lehen kongresua. Bertan, Bizkaikoa, Gasteizkoa eta Donostiako emakumeek parte hartu zuten. Gainera, Asuncion Aburtok Euskal Gurutze Gorriaren araudiaren proiektua plazaratu eta aho batez onartu zen. Erizainen Elkartea ere eratu zen, Nazioarteko Elkarte Katolikoari atxiki zitzaiona.

Lanbiderako prestakuntza ere aldarrikatu zuen EABk, beste ba-tzuen artean Gizarte Laguntzarako Eskola antolatzeko ideia azalduz. Horretarako, EABkoak ziren Rosario Ajuriagerra, Maria Iturriaga eta Juliana Mujika bidali zituzten Belgikako Ecole Catholique de Service Socialera eta Parisera. Azkenean, gerrak bertan behera utziarazi zituen ordura arteko lanak nahiz etortzeko zirenak.

Gerra. Erbestea

EABko emakumeek atzeragoardian lan ikaragarri eta zeregin ausarta gauzatu zuten, Alava sareak gordin-gordinean erakusten digunez.

Gerraren gordintasunaren aurrean, emakumeek euren gain familiaren ardura hartu eta Iparraldera eta Kataluniara abiatu ziren gehienak. Horrez gain, gerraren egoera latzetik ateratzeko asmoz, milaka haur erbesteratu ziren itsasontziz eta trenez Frantzia, Belgika, Ingalaterra eta Errusiara. Haurren hezkuntza premiei begira koloniak antolatu ziren, emakumeen esku geldituz haurren ardura, euren familietatik urrun zeuden bitartean. Aipagarria da Eusko Jaurlaritzako Euzko Gexozañak erizainek burutu zuten lan humanitarioa, gerran eta erbestealdian. Erizainek mugikortasun handia izan arren, badakigu, kasurako, La Roseriae ospitaleko erizain guztiak EABko militanteak zirela.

1937an, EABk egoitza Bartzelonako Gure-Etxian jarri zuen. Euskara klaseak eman, dantza prestaketak, Gabon eta haurren saskitxoetarako harpidetza sustatu, diru-batzeak, emakume errefuxiatu zerrendak osatu, tramite ofizialetan lagundu, egunkarietan emakumeei bideratutako berriak jarri, eta kultu katolikorako bi kapila martxan jarri zituen. 1938ko udan, Euzko-Etxea egoitza zabalduz etxebizitzak alokatzen zizkieten babes bila edo pasaporteak lortu bidean zeudenei, besteak beste.

1939an, frankistek Katalunia okupatu zutenean, EABren zuzendari-tzak eta militante askok Iparraldera jo zuten. Aipatzekoa da, bertako emakumezko Begiraleak elkarteak lan solidario handia eskaini ziela erbesteratuei.

Diaspora. Klandestinitatea

1940ko udalditik aurrera, Frantzian II. Mundu Gerra hasita, afiliatu askok epe luzerako alde egin zuten Ameriketara. Horren eraginez, Venezuela, Mexiko, Argentina, Uruguai eta Txilen, aldez aurretik zeuden EAB taldeak indartu, edo sortu ziren. Iparraldeko EABk zubi lana egin zuen erbesteko eta Euskal Herriko emakume afiliatuen artean. Bestalde, atzerritik etxera itzuli ziren erizainen, gizarte laguntzaileen edo maistren tituluak indargabetu egin zituen erregimen frankistak, lan egiteko baimena kenduz. Hala ere, klandestinitatean beste militante askoren laguntzari esker, lan ezkutua burutu zuten ongin-tzan, euskal hezkuntzan eta euskal kultura suspertzearen alde. Erbestera joandako andereño batzuek, itzuli ondoren, etxe-eskolen eta ikastolen mugimendua abiatu zuten.

1936ko gudak bertan behera lagarazi zuen Emakume Abertzale Ba-tzak sortutako berpizkundea. XXI. mendeko euskaldunari dagokio orduko aurrelari ausart bezain adimentsuak ezagutzeaz gainera, beraien egitasmoa, gaur ere baliozkoa, indarrean jartzea.

Egileak Pedagogian doktoreak dira, adituak testu-liburu eta euskal curriculumean eta hainbat emakumeren biografiak eta historiak argitaratu dituzte. Besteak beste, beraien egiletza dute honako lan hauek: 'EAB 90 urte', 'Adelina Méndez de la Torre, maestra en Bilbao, 'Tres mujeres que innovaron la escuela en el Bilbao del primer tercio del siglo XX' o 'Alava sareko emakumeak'.