Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen etorkizunaren aldeko ekitaldia egingo du abenduaren 27an Miribillako (Bilbo) Bilbao Arena pabiloian, eta aretoa "euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzera" deitu du. Ekitaldiko sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri www.pizkundea.eus webgunean.

Ekitaldia aurkezteko agerraldia izan da astearte honetan Bilboko Kafe Antzokian, euskalgintzako dozenaka ordezkariren (AEK, Elkar, Euskal Herriko Ikastolak, Berria, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Elhuyar, Emun, IKA, Euskal Herrian Euskaraz, Hamaika Telebista, Bai Euskarari, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Zenbat Gara, Ireki Lei(h)oa Euskarari) eta norbanako euskaltzaleen parte hartzearekin.

Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri du adierazpena eta, gogorarazi duenez, laster beteko da urtebete Kontseilua osatzen duten euskalgintzako eragileok adierazi zutela euskara "larrialdi linguistikoan" dagoela.

BALORAZIOA

Ohartarazi duenez, gainera, "larrialdian gaudela esateko arrazoiak areagotu egin dira ordutik hona", eta, beraz, "azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu eta atzeraldiaren arriskua handia da". "Hau da, etorkizuna dago jokoan", gaineratu du.

Bere hitzetan, azken buruan, egungo egoerak "euskararen eta euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri" ematen du, "egiturazko arazo baten berri", hain zuzen ere.

Horrela, irailaren 26an, 110 eragile sozialek baino gehiagok osatutako 'Batuz Aldatu' dinamikaren ildotik euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposatu zen

Era berean, "azken bolada jadanik luzeko oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa" Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna "zalantzan" jartzen ari dela salatu du, "minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak eraisten ari baita". "Desofizializazio prozesu batean gaude", ziurtatu du.

Azaldu duenez, "larritzeko osagai guztiak ditugu, beraz. Esan bezala, etorkizuna jokoan da. Baina gaur itxaropen mezu bat ekartzera gatoz gu hona".

Horrela, irailaren 26an, 110 eragile sozialek baino gehiagok osatutako Batuz Aldatu dinamikaren ildotik euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposatu zen. "Adostasun sozial zabalez euskarari etorkizuna emango dion hizkuntza politika baterako oinarriak proposatzeko gai izan gara. Hurrengo urratsa, hurrengo konpromisoa, adostasun hori zabaltzea da", esan du.