Bilbo

MUNDU paraleloa sortu du internetek, ez da hezur-haragizkoaren isla digital hutsa. Nahiz eta lurbira honetako presio taldeek beren txoko burujabetua mantendu gura izan duten hiru uve bikoitzen itsaso zabalean, ekidiezina izan zaie erlazioak horizontalago bihurtu izana: komunikabideen eremuan, artisten munduan, en-presen guduzelaian... Eta botere-balantza orekatu duen sare honetan hizkuntzen oihartzuna kaleetan ez bezalakoa da. Ingelesa, gaztelania edota frantsesa moduko ele handiek ez dute berebiziko bultzaden beharrik, baina euskara lako hizkuntza gutxituek erreminta parebakoa topatu dute interneten erabilera sustatu eta, ondorioz, hizkuntzaren egoera hobetzeko.

Google, E-bay eta Facebook-ek, beren eremuetan, tronutik kendu ezinezko errege bihurtu diren mo-duan entziklopedien arloan Wikipediak ukatu ezinezko lehen postua du bereganatua aspaldi eta lu-zerako. Eta ez bakarrik kontsulta webguneen lehian, beren burua le-hen entziklopedia asketzat duen ataria interneteko gune bisitatuena da: 60 milioi internauta sartzen dira entziklopediara egunean.

Hizkuntzen lasterketa

Wikipediaren maila desberdinak

Harritzekoa ez den moduan, ingelesez eman zituen Wikipediak le-henbiziko urratsak, orain hamar urte. 2001eko urtarrile an argitaratu zen lehen artikulua. Eta hamabi hilabete baino gutxiago behar izan zituen euskarak bere aurreneko harri koxkorra jartzeko. Urte ho-rren amaieran izan zen eskegia euskarazko aurreneko lana. Halere, 2003ra arte itxaron behar izan zuten euskal nabigatzaileek Wikipediaren euskarazko azala ikusi arte. Ordutik hona astiro-astiro, baina gelditu barik, hazten jarraitu da gaur egunean "euskarazko entziklopedia garrantzitsuena", Mikel Iturberen hitzetan. Entziklopediako administratzaileetariko bat da Mikel eta zalantza izpirik gabe baieztatu du: "Euskararen-tzat proiektu guztiz estrategikoa da Wikipedia". Ideia honen harira, entziklopedia honek hizkuntzari kalean ez duen oihartzuna ematen diola uste du: "Euskaldunon eremutik kanpo ere badauka eragina Wikipediak. Euskarak sarean duen indarraren erakusle handiena da". Eta honen ondorioetariko bat izan daiteke, datuak begiratuta, kanpoko enpresa batek interesgarritzat jotzea euskaraz ere kaleratzea beren dena-delako produktua. Adibide argi eta hurbila dute euskaldunek katalanerarekin: interneteko hainbat webgunek eskaintzen baitute, dagoeneko, informazio guztia hizkuntza horretan, enpresak Herri Katalanekin duen zerikusia hutsaren hurrengoa izanda ere.

Gauzak horrela eta Ramon Llull-en hizkuntzak emandako pausoak jarraituz, euskarazko Wikipediaren erabiltzaileek beren hizkun-tzan aurki zitezkeen artikulu kopurua ugaritzea deliberatu zuten orain urte batzuk. Horretarako katalanek garatutako teknologia bati heldu zioten: artikuluak automatikoki idazten zituen robot bat. Bot deituriko erreminta honek, baina, baditu urteak eta, beste askoren artean, ingelesezko Wikipediak ere erabili izan zuen hasieran, entziklopediaren corpusa elikatu eta hazi arazteko. Bot honen erabilerari esker, 2009ko abenduaren 30ean euskaraz idatzita zeuden 50.000 artikuluei beste horrenbeste gehitzea lortu dute, urte eta erdian. Hortaz, maiatzaren 22an 100.000 artikuluen langa gainditzea lortu zuen euskarazko Wikipediak. "Hizkuntza handien mailan dago euskara orain", dio Iturbek.

100.000tik harago

Etengabe garatzen jarraitzea du Wikipediak helburu

Ehun mila artikulura ailegatzea izan da azken hilabeteotan erabiltzaileek izan duten erronka nagusia, baina hori "muga sikologiko bat baino ez" dela deritzo administratzaileak. "Euskarazkoa, Wikipedia handien pare dagoela ikusten da horrela". Baieztapen horrek, baina, galdera dakar atxikiturik: artikulu kopurua ala horien kalitatea zaindu beharko luke interneteko euskal gizarteak? Kalitatearen inguruko dudarik ez dauka Iturbek, "erabiltzaileok zaintzen baitugu Wikipedia". Eta gehitu du: "Erabiltzaile askoren-tzat errazagoa da hasita dagoen artikulu bat hobetzea zerotik berri bat sortzea baino". Alde horretatik, osatu daitezkeen -berez informazio handia ematen duten arren- artikuluek erabiltzaileen parte -hartze aktiboa sustatzen dute. Halere, Iturbek zehaztu du: "Oreka lortu behar da, Wikipedia ezin baita izan zirriborroen bilduma bat".